'Mañaria, harrizko herria' liburua aurkeztuko dute barikuan

Anboto 2015ko api. 21a, 13:21

Udalak eta Gerediaga elkarteak bultzatuta herriko historiari buruzko liburua argitaratu du Txelu Angoitiak. "Liburu ezberdin" bat egiten saiatu direla esan du, eta 40tik gora herritarrekin izandako elkarrizketak jaso ditu.

“Historia liburuak normalean abstraktuak izaten dira. Nire ustez, pertsonek egiten dute herri bat”. Horregatik, 40tik gora mañariarren begiradatik osatu du Angoitiak 158 orrialdeko lana. Barikuan arratsaldeko 19:00etan egingo dute liburuaren aurkezpen publikoa Errose Bustintza kultur etxean.

Mañariko natura, historia, ondarea, pertsonaiak eta bitxikeriak agertzen dira liburuan, sailkatuta. Herritarrak direnez protagonista, atal bakoitzaren amaieran hainbat elkarrizketa labur irakurri ahal dira. Enrike Huerta Hontza museoko arduraduna, Julian Gorospe txirrindulari ohia, Lourdes Areitio eliza-zaindaria, Josu Arkarazo danbolinjolea, Itxaso Arrizabalaga abesbatzaren zuzendaria,  Silikosos eta Trastorno musika taldeetakoak, Aitziber Areitio jai batzordeko kidea... “Guztien iritziekin, gaur egungo Mañariaren argazki bat” osatu gura izan du Angoitiak. Partaideen prestutasuna eta udalak emandako askatasuna eskertu ditu liburuaren egileak. Bestalde, Gema espeleologia taldeak, Juan Mari Uriartek eta Mikel Urizarrek ere lagundu diote artikulu batzuk idazten, eta Maria Puy Inzunza teknikariak produkzio lana erraztu dio.

Endika Jaio alkateak adierazi du aspaldiko ideia dela liburuarena, eta iazko udal aurrekontuan partida bat bertara bideratzea lortu zutela. Gloria Thalasso&Hotelsen laguntza ere eduki dute. Jaiok esan du udalaren asmoa herrian irakurriko den liburu bat egitea, eta edozeinek irakurtzeko modukoa gainera. Pozik agertu da emaitzagaz, eta bere ustez, “Mañaria herri bizia eta anitza “ dela erakusten du liburuak. 10 euroan ipiniko dute salgai, Mañariko liburutegian, eta Durangoko liburudendetan saltzea ere aztertzen dabiltza.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!