Mañariko lokalak etxebizitza gisa erabili ahalko dira

Anboto 2015ko ots. 19a, 09:00

Beste herri batzuetako eredua jarraituta, lokalak etxebizitza gisa erabili ahalko dira Mañarian. Azken urteetan etxe gutxi eraiki dira, eta ez da promozio publikorik egon. Horrela, udalaren ustez, errekurtso gutxi duten pertsonek eta gazteek zail eduki dute etxe bat lortzeko.

Endika Jaio alkatearen arabera, ordenantza berria aurrerapauso bat da: “Ordenantza honek ez du errekurtso gutxiko pertsonek eta gazteek etxebizitza duin bat lortzeko eskubidea erabat bermatzen. Baina, Mañarian horretarako dauden zailtasunak ikusita, pauso bat da”. Joan zen barikuan onartu zuten ordenantza udalbatzarrean, aho batez.

Udal etxebizitza tasatuak
Jaiok azaldu duenez, hiru helburu dauzkate. Lehena, “etxebizitza duin bat edukitzeko beste aukera bat zabaltzea”. Bigarrena, espekulazioa saihestea. Horretarako, eraldatzen diren lokalak udal etxebizitza tasatu bihurtuko dira, eta etorkizunean saldu edo alokatuz gero, prezio publikoaren arabera egin beharko dute.
Hirugarrena, merkataritza lokalei lekua gordetzea. Etxe blokeen beheko edozein lonjatan egin ahalko da etxebizitza, Kirikiño kalean izan ezik. Jaioren iritziz, “herriari bizia” ematen diote saltokiek, eta herriko kale nagusiko lokalak jarduera horretarako erreserbatuko dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!