Mari Jose Alberdi: "Mañariak duen osasun egoera bizi kalitatearen ikuspuntutik aztertu dut"

Anboto 2014ko urr. 27a, 09:30

EHUko Erizaintza irakaslea da Mari Jose Alberdi. Sei urtez landutako tesia Madrilgo Konplutense Unibertsitatean defendatu eta gero, Mañariko herrikideen aurrean aurkeztuko du urriaren 31n, 19:00etan, udalbatzar aretoan. Mañariko osasun egoera emakumeen ikuspuntutik aztertu du. Horretarako, Mañarian bizi edo lan egiten duten 26 emakumeren laguntza izan du.


Noiz ekin zenion tesiari?
Proiektua 2008an aurkeztu nuen, Madrilen, eta elkarrizketekin 2009an hasi nintzen. 2010 eta 2011 artean etenaldi bat izan nuen. 2014ko uztailaren 10ean aurkezpen defentsa egin nuen.

Zelan bururatu zitzaizun tesia Mañariko emakumeen osasun egoeran oinarritzea?
Erizaina naiz, eta eskolak ematen ditut Donostian. Nire ikasgaiak, Osasun Publikoa eta Osasun Komunitarioa dira. Erizainak baditu funtsezko bi arlo: bata, ospitalean egiten duena, eta, bestea, komunitatean egiten duena. Beraz, nik Mañaria ezagutu nuenean, beti etortzen zitzaidan burura Mañariko komunitatearen inguruko osasun egoera. Antropologian lizentziatua naiz, beraz, horrek ere bidea ireki zidan doktoretza egiteko. Emakumearen ikuspuntua lantzea ez zen nire hasierako asmoa. Datuak nola jaso pentsatu nuenean, tresnetako bat elkarrizketak egitea izan zen. Mañariko nortzuk elkarrizketatu erabakitzeko zirriborroa egiten hasi nintzenean, emakumeen aurpegiak ateratzen zitzaizkidan. Beraz, nahi gabe emakumeen ikuspuntua atera zait.

Tesia zelan planteatu zenuen?
Prozesua luzea izan da. Hasiera batean plangintza fase bat dago, besteren artean helburuak finkatzeko. Tesiaren helburu nagusia  Mañariko komunitatearen osasun egoera aztertzea izan da. Horren inguruan hiru puntu aztertu ditut: zer osasun arazo dauzkagun, zer aktibo edo egoera positibo ditugun, eta zer irtenbide egon daitezkeen. Beste datu batzuk ere hartu ditut kontuan, udaletxean jasotakoak, argazkiak eta abar. Hurrengo fasea, datuak jasotzearena izan zen eta, hirugarrena, datu guztiak aztertzearena.

Emakumeen elkarrizketak zelan egin zenituen?
26 emakume elkarrizketatu nituen. Egindako ikerketa kualitatiboa izan denez, emakumeen aukeraketa ez zen estatistikoa izan. Tamaina aukeratzerakoan, kontuan hartu nuen Mañariak bost auzo dituela: auzo bakoitzeko emakume bat aukeratu nuen, eta herrigunean bizi diren beste emakume batzuk. Gainera, adin tarteak ere kontuan hartu nituen. 20tik 70 urte bitarteko emakumeak daude ordezkatuta. Esan beharra daukat emakumeek asko erraztu zidatela prozesua. Ateak ireki zizkidaten, nahiz eta hasieran,  “nik ez dakit ezer Mañariari buruz”, esaten zidaten. Eta elkarrizketa aurrera joan ahala: “Ordubete pasa da honezkero?”.

Zelako ondorioak atera dituzu?
Mañarian osasun arazo batzuk daudela ikusi da. Osasuna zentzu zabalenean aztertu dut, eta ez bakarrik gaixotasunak. Hasierako galdera hauxe zen: “Gustura bizi zara Mañarian? Bizi kalitatea  egokia da?”. Horrek zerikusia dauka osasunagaz. Ildo horretatik landu ditudan arloak oso zabalak dira: demografia, ekonomia, espazioa, bizi ohiturak, sozializazio prozesua eta zainketa.

Demografia arloan, populazioak behera egin du?
Jendea herritik joan egin da, eta egoera hori aztertu dugu. Populazioa gutxitu egin da. Azken urte hauetan badirudi jaiotza tasan igoera txiki bat badagoela, eta jendea etortzen ari dela, baina joera orokorra gutxitzea da. Gai honetan jendearen sentimenduak agertzen dira. Pena dute: “Zer pena gure jendea joan izana”, diote askok.

Ekonomia ere landu duzue.
Etxean egiten diren ordaindu gabeko lanak agertzen dira, ordaindutako lanekin batera. Auzolana ere landu dugu. Mañariko bizi kalitatean horrek guztiak eragina du.

Espazio publikoan zer behar ikusten dute?
Alde batetik, oztopo arkitektonikoak daude, nahiz eta bost urteko prozesu honetan hobekuntza batzuk izan diren. Bestetik,  Mañariak arazoak ditu errepide nagusiarekin, baita auzoetako bideekin ere, eta gai hori ere azaleratzen da. Diseinua ere landu dugu, hau da, estetikoki gustatzen zaigun edo ez. Ildo horretatik oso konplexua den gai bat atera da: harrobiak. Harrobiek bizi kalitatean duten eraginari buruz hitz egin dute. Mañaria estetikoki zuri-beltza da. Begiratzen duzun lekuaren arabera oso polita edo oso itsusia izan daiteke. Gainera, mugikortasunaren eta trafikoaren gaia ere irten da. Kotxeak garrantzi handia du herrian, eta garraio publikoaren falta ere sumatu da.

Nola eta non sozializatzen dira mañariarrak?
Jendeak hitz egin du sozializazio formalaz, eta, ildo horretatik, 1997an itxi zuten antzinako eskola aipatu dute. 2008an irekitako Haurreskolaz ere jardun dute. Sozializazio ez-formalaren inguruan, gizarteratzeaz eta parte-hartzeaz hitz egin dugu. Gehiengoa gizarteratuta sentitzen da, eta harreman positiboa dute ingurukoekin. Sozializazio ez-formala burutzeko, berriz,  gune nagusiak Mañariko plaza, frontoia, kultur etxea, eliza eta abar dira.

Mañaria ezagututa, ondorioren batek harritu zaitu?
2005etik hemen bizi naizen arren, gauza berriez konturatzen nabil etengabe. Mañariari bizitza handia ematen diote jaiek eta ospakizunek. Horrek zerikusi handia du sozializazio ez-formalarekin. Txitxi-burruntziaren ohitura, esate baterako, nik ez nuen ezagutzen. Auzolanarena ere interesgarria iruditu zait. 1993an ermitau taldea sortu zen, ermitak ondo mantetzeko. 2012tik auzolanen esperientzia hori beste bizilagunentzat ere zabaldu da, beste lan batzuk egiteko. Gizarteratzea, harremanak eta parte-hartzea bultzatzeko baditu hainbat elementu positibo Mañariak, eta herri txiki hauetan hori mantentzea esfortzu handia da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!