Hileta zibilak egin ahalko dira udaletxean, plazan eta pilotalekuan

Anboto 2014ko mar. 19a, 08:30
Plaza izango da hileta zibilak egiteko aukerako leku bat.
Ordenantza berriagaz, hileta zibilak egin ahalko dituzte hemendik aurrera mañariarrek

 

Hemendik aurrera hileta zibilak egin ahalko dituzte mañariarrek. Udalbatzak aho batez onartu zuen ekimena joan zen barikuan, eta 30 eguneko alegazio epearen ostean sartuko da indarrean. Ordenantza berriaren arabera, udaletxeko pleno aretoan, plazan eta pilotalekuan egin ahalko dira hileta zibilak. Endika Jaio alkateak adierazi zuen ekitaldi horiek egiteko ohiturak aldatzen dabiltzala aspaldian, kutsu erlijiosoaz apartekoak ere egiten direla: “Beharrizan bat dago udaletik ase behar dena”. Horregatik erabaki zuten ordenantza bat sortzea.

Zenbait arau zehaztu dituzte ordenantzagaz. Zein lekutan egin, zeinek daukan eskubidea eta udalak zer eskainiko duen, esaterako. Hildakoak Mañarian jaioa izan beharko du, edo bertan erroldatuta egon beharko du, eta salbuespen bakarra, lehen mailako senide bat herrian erroldatuta egotea izango da. Udalak atril bat, megafonia, mahaia eta aulkiak ipiniko ditu familiaren eskura. Udaleko ordezkari bat egongo da beti. Hilotza ezingo da egon hiletan bertan, baina errautsak bai. Gainera, errautsak herrigunearen inguruan ezingo dira zabaldu. 

Momentuz doan izango da, eta 2015eko zergak aztertzean erabakiko dute zer tasa ipini.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!