Markomin Goikoa harrobirako plan berezia landu dute

Anboto 2014ko mar. 7a, 12:00
Markomin Goikoa harrobia herriaren sarreran dago.
Harrobiaren jarduera arautzea da plan bereziaren helburua; naturarekiko eraginak ere jasotzen ditu

 

Markomin Goikoa harrobiaren plan bereziari hasierako onarpena emango dio gaur udalak. 2002ko udal arauek harrobirako plana eskatzen zuten, baina orain arte ez da pausorik eman. Aurrerantzean, ezingo dute nahierara funtzionatu. Izan ere, dokumentu berriaren helburua harrobiaren jarduera arautzea da, mugak ezarri eta erabilera finkatuta. Adibidez, eraikinak, zerbitzuak eta etorkizunerako hedapenak zehaztu dituzte.  Planak bigarren atal bat dauka, ingurumenagaz lotutakoa. Naturarekiko ematen diren eragin guztiak jasotzen dira, eta kalte horiek murrizteko beharrezkoak diren neurriak eskatzen ditu bigarren atal horrek.

Endika Jaio alkateak (Bildu) esan du plan berezia ustiapen baimenak iraun bitartean egongo dela indarrean. Eusko Jaurlaritzak 2027ra arteko baimena eman zion Markomin Goikoari, eta 30 urteko beste bi luzapen eskatzeko aukera edukiko du. Enpresak hainbat neurri hartu beharko ditu plan berezia behin betiko onartzen denetik aurrera. Esaterako, errekatik hamar metrora harea piloak dauzkate, eta horiek kendu beharko dituzte sei hilabete baino lehen. Gero, inguru hori berreskuratu beharko dute. Harrobiaren eremua ez da urbanizagarria izango, eta bertarako jarduera bi bakarrik baimendu dituzte: harria ateratzea eta hormigoia fabrikatzea.

Udala da planaren sustatzailea, baina garapena harrobiaren esku dago. Jaiok azaldu du adostasuna lortu gura izan dutela. Gaur ezohiko udalbatzarra egingo dute gaia lantzeko, eta, gero, egitasmoa jendaurrean ipiniko dute 45 egunez, alegazioak aurkezteko aukeragaz. Alkateak adierazi du pauso garrantzitsua dela plan berezia onartzea. 

Harrobiei lotutako herria

Mañaria harrobi jarduerari lotutako herria da. Zalloventa itxita, Markomin Goikoa eta Mutxate daude aktibo. Ingurumenean, osasunean eta paisaian eragina daukala aitortu du Jaiok; eguneroko ogia dira zarata, hautsa eta lur dardarak. Horregatik, Bilduren nahia baimenak amaitzean inguru horiek berreskuratzea eta ixtea da. Baina, eragin ekonomikoa ere hor dago. Eta Jaioren ustez, harrobiko beharginak ezin dira alternatiba barik utzi: "Motor ekonomiko berriak sortzen joan beharko gara. Hori da udalak herriaren etorkizuna bermatzeko izango duen erronketariko bat".

 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!