Joan zen eguenean egin zuten Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) diseinatzeko azkeneko tailer parte-hartzailea. Endika Jaio alkateak (Bildu) balantze baikorra egin du prozesuaren inguruan, eta 25 lagunen bueltan batu direla esan du. Tailerretan sortutako ideia eta proposamenekin planerako hiru eredu landuko ditu talde eragileak, eta uda aurretik, erreferendumean, ereduetako bat aukeratuko dute herritarrek. Hori izango da herria hurrengo urteetan garatzeko plana.
Diagnostikoaren eta lurren azterketaren ostean, eguenean, partaide bakoitzak proposamen zehatza aurkeztu zuen. Jaiok azaldu du Lurralde Zati Planak asko mugatu duela. Esaterako, 80 eta 100 etxe artean eraikitzea aurreikusi dute. Hori bai, ahalik eta lur gutxien erabiltzeko helburuz, familia bakarrekoak barik, etxe blokeak izango dira.