Hilerriko sarbideak berrituko dituzte, udal aurrekontuaren baitan

Anboto 2014ko urt. 21a, 11:30
Udalak aho batez onartu du 2014rako aurrekontua. Inbertsio handiena hilerriko irisgarritasuna hobetzeko obra izango da, 60.000 eurokoa. Eskailerak eta arrapala ipiniko dituzte.

 

2012an irisgarritasunaren inguruan eginiko galdeketan hilerriko sarbideak konpontzea erabaki zuten herritarrek, horretarako eskailerak eta arrapala erabilita. Ideia hori aurten garatuko du udalak, aurrekontuan zehaztu du-eta.

Horretaz gainera, 25.000 euro gorde dituzte prozesu parte-hartzailetik etorritako inbertsio proposamenetarako, eta honela banatu dute: Plazan nagusientzako jokoak ipintzea (8.500 euro), plazako adokinak konpontzea (9.600), kultur etxerako bidea oinezkoentzat egitea (400), Artzubi biribilguneko baranda berriztea (2.000), Urkuletako zubian baranda konpontzea (430), hilerrirako bidea asfaltatzea (2.700), plazako aparkalekuko espaloia konpontzea (1.000), plazako sarreran piboteak ipintzea (400) eta zabor bilketa sistemen informazioa ematea (500).

Zorrari aurre egiteko

Aurrekontuko sarrera (772.000 euro) gastua (752.000 euro) baino handiagoa izango da. Sarrerekin sobera geratzen dena zorra murrizteko erabiliko dute, Endika Jaio alkatearen arabera. Udalak 609.000 euroko zorra dauka banketxeekin, Erralde hiltegiko proiektuaren zorraren zati bat bere gain hartu zuelako. Plan ekonomiko bat diseinatu zuten zor horri aurre egiteko, eta urterik urte murrizten joatea da asmoa, sarrerak gastuak baino handiagoak izanda. Nahita ere ezingo lukete diru gehiago gastatu, Aldundiak gasturako muga bat ezarri dielako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!