"Beharrezkoa zen jende nagusiaren istorioak gordetzea"

Anboto 2014ko urt. 15a, 06:00
24 elkarrizketa, 24 istorio eta hizkera jasotzeko. Mañariko Ahotsak proiektuagaz herriko euskara eta bizi ohiturak artxibatu gura izan dituzte, ondare hori gerora galdu ez dadin. Horrela azaldu du Ainara Areitio zinegotziak: “Beharrezkoa zen jende nagusiaren istorioak gordetzea”. 24 pertsona nagusik eurek bizitakoak kontatu dituzte grabagailuaren edo kameraren aurrean, eta horrela, etorkizunerako artxibatuta geratu da ondare hori.

 

Proiektu honetako lehenengo urratsak Igone Ikobaltzetak eta Maria Luisa Gonzalez de Audikanak eman zituzten 2007an. Herrian antolatutako ibilaldi batean solasean ibili ziren zenbait auzotarregaz, eta konturatu ziren nagusien ekarpena interesgarria izan ahal zela herria hobeto ezagutzeko. Ideia horretatik abiatuta, bospasei elkarrizketa egin zituzten; eta duela hiru urte ipini zen martxan bigarren atala. Ahotsak egitasmoko kideek –beste hainbat herritan ere antzeko proiektuak garatu dituztenak– lan horregaz jarraitzeko asmoa agertu zuten, eta gainerako elkarrizketak grabatu zituzten. Guztiak daude bilduta www.ahotsak.com webgunean, bideo edo testu formatuan. Pasadizo ugari topatu daitezke bertan: gerra sasoikoak, txikitako bizipenak, edo lehengo Mañariari buruzkoak, adibidez.

Aurkezpena

Urtarrilaren 5ean jendaurreko aurkezpena egin zuten proiektuko sustatzaileek. Bertan egon ziren udaleko ordezkariak, Ahotsak egitasmoko kideak, elkarrizketatuak eta hasierako lanean ibilitako Ikobaltzeta eta Gonzalez de Audikana ere bai. Ikobaltzetak esan du ilusio handiz hartu zuela gonbidapena, eta aretoa beteta ikustea pozgarria izan zen beretzat. 

Baina, lanak jarraipena izan ahal duela dio Ikobaltzetak. Esaterako, Amerikara joandakoak asko izan zirela azaldu du, eta artzainena lez galtzear dauden ogibideak ere gogoratu ditu. Istorio horiek gordetzeko beharra dagoela uste du. “Oraindik badago zer jaso”. 

 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!