Neguko auzolanetarako apuntatzeko deia

Anboto 2013ko abe. 20a, 08:37
Udazkenean jausitako orbela bideetatik kenduko dute; urtarrilaren 4ra arte eman ahal da izena

Udazkenean jausitako orbela bideetatik kenduko dute; urtarrilaren 4ra arte eman ahal da izena.

 

Mañariko Udalak auzolana proposatu du aurtengo neguan zenbait bide garbitzeko. Udazkenean jausitako orbela bideetatik kenduko dute, hori izango da zeregina. Izan ere, orbelak ubideak oztopatzen ditu, eta hori saihestea izango da auzolanaren helburua. Parte hartzeko deia egin du udalak, eta urtarrilaren 4ra arte eman ahal da izena, liburutegian edota udaletxean bertan.

 

Endika Jaio alkateak adierazi du urtarrilaren 18an eta 25ean egingo direla auzolanak. Partaide kopurua eta bakoitza nondik datorren, eremu bat edo beste bat garbitzeko erabakigarri izango ei dira. Hau da, auzo bakoitzetik doan jendearen arabera zehaztuko dute non lan egin.

 

Udaberrian ere egin zuten bideak garbitzeko auzolana.

 

Kantuan

Gabon bueltarako hainbat ekintza daude iragarrita. Horien artean, gaur iluntzean egingo den kantu-poteoa. Kalean eta tabernetan abesteko ohitura galtzen dabilela-eta, jarduera hori berreskuratu gura dute Mañariko Udaleko Kultura Sailetik, “kanta zahar eta berriak ikasita eta kantatuta”. 19:30ean hasiko da kantu-poteoa, plazatik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!