Eskola baten beharra eta harrobiak dira herritarren kezkak

Anboto 2013ko aza. 7a, 12:15
Herriko plan orokorra berrizteko partaidetza prozesuaren lehenengo ondorioak azaldu dituzte

Herriko plan orokorra berrizteko partaidetza prozesuaren lehenengo ondorioak azaldu dituzte.

 

\"\"

 

Aurrera doa Mañariko Hiri Antolamendurako Plan Orokorra berrizteko prozesua. Herria datozen urteetarako zelan egituratu aztertzen dabiltza, eta momentuz aurkezpena eta tailer bi egin dituzte, diagnostiko faseari lotuta. Batzar guztietan 30 lagun inguru batu dira. Partaidetza prozesua gidatzen dabilen lantaldeak lehenengo ondorio batzuen berri eman du. Besteak beste, eskola baten beharra dagoela uste dute, eta harrobien egoeraz ere hausnartu dute.

 

Lantaldeko kideek azaldu dute harrobien gaia nabarmendu egin dela. Alde batetik, aktibo daudenek sortzen duten zaratak eta hautsen deserosotasunak kezkatzen ditu herritarrak. Bestetik, harrobi zaharrak herriarentzat berreskuratu daitezkeela uste dute, funtzio berri bat emanez. Zerbitzuen arloan hutsuneak daudela diote prozesuko partaideek, eta horren baitan sartu dute eskola bat izatearena. Garraio publikoaren falta ere agertu da ondorioetan.

 

Baina, bestalde, ekipamenduak ondo daudela diote. Adibidez, kultur etxea, frontoia, eta udaletxea aipatu dituzte. Mañarian bizitzeak dauzkan alde onak zerrendatu dituzte, eta naturarekiko hartuemana edo segurtasuna nabarmendu dituzte. Diagnostiko fasea amaituta, proposamenak egitera pasako dira orain.

 

Datorren eguenean, azaroaren 14an, izango da hurrengo batzarra, lurren egokitasuna aztertzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!