"Mañariko harriak fama handia izan du munduko hainbat bazterretan"

Anboto 2013ko urr. 16a, 08:42
Debako Arte Eskolako irakasleak dira Mikel Campo eta Karmel Aranguena eskultoreak. Harria lantzeaz gainera, harrien historia irakurtzen ere badakite. Mañariko elizpean egindako solasaldian argi geratu da hori. Zapatuan Mañariko frontoian hitzaldia eta erakustaldia egingo dute, 17:00etan hasita, Europako Ondare Jardunaldietan

Debako Arte Eskolako irakasleak dira Mikel Campo eta Karmel Aranguena eskultoreak. Harria lantzeaz gainera, harrien historia irakurtzen ere badakite. Mañariko elizpean egindako solasaldian argi geratu da hori. Zapatuan Mañariko frontoian hitzaldia eta erakustaldia egingo dute, 17:00etan hasita, Europako Ondare Jardunaldietan.

 

Harri beltza da Mañarikoa. Kolore zuri eta gorrixka ere badauzka. Mañarian bertan harrobiei eta lehengo harginen lanari buruzko hitzaldia emango du zapatuan Mikel Campok. Karmel Aranguena ere bertan izango da, eta harria landuko du tresna zaharrekin.

 

Lehengo harginen antzera landuko duzue harria zapatuan.

Karmel Aranguena: Orain makinekin egiten dugu lan eskolan, baina Mikelek lehengo teknikak azalduko ditu, eta erakustaldi bat egingo dugu, hormetako harriak zelan lantzen ziren erakusteko.

 

Euskal Herrian harriak garrantzi handia izan du historian.

K.A.: Bai. Harginen hizkeran euskal hitz pilo bat dago, eta ez bakarrik hemen.

Mikel Campo: Galiziako harginek, adibidez, txakurrari txakurro deitzen zioten, eguzkiari eguzki, harriari harri... Berba asko euskal hitzak dira, baina beste leku askotako hitzak ere badaude. Harginek, normalean, koadrilaka egiten zuten lan, eta hizkuntzak elkarrekin trukatzen zituzten. Harginen artean, gainera, mitologia asko dago, eta esaten zen, euren hizkuntza sekretua zela.

 

Hizkuntza sekretua?

M. C.: Jendeak pentsatzen zuen euren arteko kode bat zela, eta hargin ona izateko hori ikasi behar zenuela. Hortik sortu ziren mito masonikoak-eta.

K. A.: Neurriak eta zenbakiak ere euskaratik hartzen zituzten. Bosna, bana... lako berbak erabiltzen zituzten. Euskal hargin guztiak canteros vizcainos moduan agertzen dira literatura guztian, eta oso famatuak ziren.

 

Zergatik ziren hain bereziak bertako harginak?

M. C.:Alde batetik, Pirinioetatik harria lantzeko Europatik zetorren teknologia sartzen zen, eta beste alde batetik, bizi garen lekua pribilegiatua da. Ereñotik Baztanera bitarteko eremua kaliza harriz eta marmolez,beteta dago. Penintsulan ez dago horrelako askorik, eta material hori oso ona da eraikuntzarako. Hemen inguruan, XV-XVI.mendean aitoren semeak ziren, eta foruen babespean, obrak kontratatzeko ahalemana zuten, inolako jauntxoen beharrik barik. Ondareak zeuzkaten, eta obrarako abal gisa ipintzen zituzten euren baserri, lursail eta abelburuak.

 

Zelan antolatzen zuten lana harginek?

M. C.:Aprendiz lanetan hasten ziren lehenengo, eta kontratu zehatz bat zeukaten; harginek semeak bailiran zaindu behar zituzten. Harria lantzen ikasi eta gero, onenek marrazten ikasten zuten, eta horiek hargin-maisuak ziren. Ez zegoen paperik, eta arkitektoek plano guztiak buruan zeuzkaten... Hiru multzoka antolatzen ziren: Batzuek harria ateratzen zuten mendian, biharrenbak garraioaz arduratzen diren, eta hirugarren multzokoek obran bertan egiten zuten lan. Harria ahalik eta lekurik gertuenetik ekartzen saiatzen ziren. Gasteizko katedraleko harria, adibidez, hamaika kilometrora zegoen eremu batetik ekartzen zuten. Imajinatu, bide horretan zenbat idi ariko ziren aurrera eta atzera. Tartean tabernak egin zituzten. Egur asko erabili zen eraikinerako, arotzak behar ziren... Eliza baten eraikuntzak irauli egiten zuen herria. Ekonomia guztia harginen inguruan mugitzen zen.

 

Lan egitera kanpora joaten ziren harginak?

K. A.: Bizkaiko harginek penintsula osoan egin zuten lan. Hemendik irten eta gero, ez ziren bueltatzen. Katedral batean bazebiltzan lanean, belaunaldiak behar ziren amaitzeko! Guadalajaran, Toledon... Harginen ondorengoen abizen asko daude. Herri izen batzuk ere hemengo izenak dituzte: Nuevo Baztan, Mingorria...

 

Harri batzuetan sinadura gisako zerbait egiten zuten, ezta?

M. C: Bai, marka bat. Hor teoria asko dago: Batek dio, lana amaitutakoan irudiak kontatu eta kobratzeko marrazten zituztela; esaten dute baita familia eta eskolenak direla...

 

Zer dakigu Mañariko harriari buruz?

M. C.: Jesuiten ordenak indarra hartu zuenean, euren eraikinetan luxu eta apaingarrietarako munduko hainbat bazterretatik ekarritako marmolekin jokatzen hasi ziren. Tartean, Mañarikoa.

K. A.: Mañarikoa harribitxi lakoa zen, oso gutxi erabiltzen zen.

M. C.:Apainketarako harria zen, et ahorretarako harririk arraro eta desberdinenak bilatzen zituzten. Euskal Herrian harri mota ugari dago: Ereñoko gorria, Markinako beltza, Mañarikoa, Debako arrosa, Baztango urdina...

 

Herrian elizan eta hainbat hormetan dago harri hau. Kanpora ere esportatu zen?

K. A.: Damaskoko mezkitaren batean badago, eta Paduako aldare bat ere bada Mañariko harriarekin eginikoa. Munduko hainbat bazterretan fama handia zeukala dokumentatuta dago.

M. C.: Harriek asko bidaiatu izan dute. Markinakoa ere beltza da, eta hangoa asko erabili da mezkitetan. Ezin dutenez eskulturarik egin, koloreetako marmolekin jolasten dute, xakekoa lako lurrak egiteko, adibidez. Nire lehenengo eskultura Mañariko harriagaz egin nuen, eta oroitzapen onak ematen dizkit.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!