'Alkarregaz': Etorkizuneko Mañaria antolatzeko prozesua

Anboto 2013ko ira. 4a, 13:14
Herritarren partaidetzagaz, Hiri Antolamendurako Plan Orokorra berrizten hasiko dira; irailaren 19an egingo dute prozesuko lehenengo tailerra

Herritarren partaidetzagaz, Hiri Antolamendurako Plan Orokorra berrizten hasiko dira; irailaren 19an egingo dute prozesuko lehenengo tailerra.

 

Mañariko Udalak Alkarregaz izeneko partaidetza prozesua aurkeztu du. Horren bidez, Hiri Antolamendurako Plan Orokorra berrizten hasiko dira: datozen urteetarako herria zelan eraiki eta antolatzea. Hori, hirigintza, ekonomia, gizarte eta kultur ikuspegitik. Bide horretan, herritarrak hausnarketa eta ideia berrien parte izatea gura dute udal ordezkariek. Endika Jaio alkateak (Bildu) eta Jabier Arteaga zinegotziak (EAJ) eman dituzte azalpenak; alderdi biek ere elkar hartu dute egitasmoan, beraz.

 

Irailaren 19an hasiko da prozesua. Udalak kontratatutako talde tekniko batek gidatuko du, eta bost tailer egingo dituzte. Lehenengoan prozesua bera azalduko dute. Hurrengoetan, diagnostikoa, balorazio mapa, lurren azterketa eta proposamenen tailerra egingo dituzte. Jaiok azaldu du tailer dinamikoak izango direla, eta denbora muga ere edukiko dutela. Ulergarriak izango direla ere helarazi gura izan du. Herritarrentzako dei horretan indar berezia egin dute ordezkariek. “Gure diagnostikoa egin dugu barruan, baina denon iritzia jakin gura dugu”, esan du Jaiok. Arteagak, hari beretik: “Zenbat eta jende gehiagok parte hartu aberatsagoa izango da”.

 

Interes orokorreko hausnarketan adin guztietako herritarrek parte hartzea gura dute, baita umeek ere. Uste dute umeen ikuspegia eta irudimena baliagarriak izan ahal direla prozesuan. Horregatik, 19an saio berezi bat egingo dute eurekin, 18:00etan.

 

Industria, energia, ekipamenduak... Arloka sortutako ideiekin, planaren aurrerapena idatziko dute, oinarria. Gero, plan definitiboa landuko dute, baina ez dakite noiz; udal aurrekontuen araberakoa izango da. Gainera, aldundiaren zein jaurlaritzaren arauen galbahea ere pasa beharko du.

 


TAILERREN DATAK

  • IRAILAK 19 - Aurkezpena
  • URRIAK 3 - Diagnostikoa
  • URRIAK 24 - Balorazio mapa
  • AZAROAK 14 - Lurrak aztertu
  • ABENDUAK 12 - Proposatu

* Guztiak 19:00etan

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!