Mañariko Udalak oharra zabaldu du bere hilabetekarian, umeen parkean txakurrik ezin dela sartu gogorarazteko. Txakurren kakak topatzen jarraitzen dutela azaldu dute.
Antza denez, batzuek bertara eroaten dute txakurra, eta ez dute kakarik batzen. “Batzuek ondo egin arren, txakurren kakak topatzen jarraitzen dugu egunero”. Umeek jolasteko lekua denez, kezka agertu du udalak: “Arazo honen erantzule direnei eskatzen diegu inguru hau garbi mantentzeko eta txakurren kakak dagokien tokian botatzeko”. Bertan, kakak botatzeko edukiontzi berezi bat dago, baita batzeko poltsak ere.
Horretaz gainera, herriko beste berdeguneak ere –kanposantu aurrea, aparkaleku ingurua...– zaintzeko eskatu dute, “horiek mantentzeaz arduratzen diren udal langileei zor zaien errespetuagatik”.