EAJk ez du babestu Espainiako banderaren inguruko mozioa

Anboto 2013ko eka. 17a, 15:03

Barikuko udalbatzarrean abstenitu egin ziren EAJko zinegotziak. Baina, mozioaren sustatzaileen artean badaude kargudun izandako jeltzaleak. Zapatuan ikurrina omendu zuten plazan

Barikuko udalbatzarrean abstenitu egin ziren EAJko zinegotziak. Baina, mozioaren sustatzaileen artean badaude kargudun izandako jeltzaleak. Zapatuan ikurrina omendu zuten plazan.

 

Espainiako bandera udaletxean ipintzeko agindua dela-eta, horren kontrako mozioa landu zuten barikuan udalbatzarrean. Udaleko zinegotzi izandako hainbatek sustatu dute mozio hori, eta ikurrinari omenaldia ere eratu zuten zapaturako. EAJ abstenitu egin zen, eta jarrera horrek eztabaida eragin zuen batzarrean. Endika Jaio alkateak (Bildu) adierazi zuen "triste" daudela: "Adostasuna lortu ahal dugun gai batean ez dugu lortu". Bilduren botoekin onartu zen mozioa, baina Jaiok azaldu zuen aho batez izatea gura zutela, eta horretarako ahaleginetan ibili direla luzaroan. Prozesu guztiaren berri eman zuen Jaiok, eta bertan proposamenak ez direla itxiak izan. Borondate falta egotzi zion EAJri: "Abstentzio hau alderdi estrategia bat dela uste dugu". Bandera ipini arren, Jaiok gaineratu zuen kontzientzia lasai zeukatela, EAJri erreferentzia eginez: "Baten bat etorkizunean ikertzen hasten bada, ondorioa izango da EAJko zinegotziei berdin zitzaiela Espainiako bandera ipintzea".

 

Udalbatzarrera bertaratutako hainbatek haserre egin zuten berba EAJren kontra. Galdera eta eskaeren tartean, batek abstentzioaren arrazoiak ematea eskatu zien jeltzaleei. Julen Uribelarreak adierazi zuen erabaki politikoa izan zela, eta hasieratik esan zietela gobernu taldekoei ez zutela prozesuan parte hartuko. Baina, bandera jartzearen agindua ez zitzaiela gustatu azadu zuen, eta omenaldian parte hartuko zutela. Galdera egin zien herritarrak hartu zuen berba berriro, esanez orduan ea zergatik ez duten mozioa onartu. Jaiok prozesuaren kronograma aurkeztu, eta esan du apirilaren 26ra arte aldeko jarrera erakutsi dutela jeltzaleek, hor esan zutela ez zutela parte hartuko.

 

Mozioaren sustatzaileen artean kargudun izandako jeltzaleak ere badaude. Adibidez, frankismo ostean lehenengo alkate izandakoak, Iñaki Bilbaok, irakurri zuen testua zapatuko omenaldian. Gerediagak eratutako Durangaldeko Ezpatadantzari eguna izan zen Mañarian, eta dantzariek ikurrina haizatu zuten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!