Umeentzako tailerrak egingo dituzte hilaren 20an

Anboto 2013ko api. 14a, 08:38

Hiru eta zortzi urte bitartekoek parte hartuko dute

Hiru eta zortzi urte bitartekoek parte hartuko dute.

 

Apirilaren 20rako, haurrentzako tailerrak antolatu ditu Mañariko Udalak. Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatuko da hilaren 23an, eta data horren harira egingo dituzte tailerrak. Gurago izan dute asteburuan egin, ume gehiagok parte hartu ahal izateko. Txotxongiloak egin eta ipuinak sortuko dituzte, azaldu dutenez. Hiru eta zortzi urte bitarteko umeek parte hartu ahal izango dute tailerretan.

 

Zornotzan dagoen Orue Eskolako ikasleek gidatuko dituzte tailerrak, eta eurak izango dira umeen begirale. Udaleko ordezkariek azaldu dutenez, ikastetxe horrek eratzen ditu tailerrak, bere ikasleek praktikak egiteko aprobetxatzeko. Hainbat herritan egiten dituzte antzeko egitasmoak.

 

Arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara batuko dira Mañariko umeak tailerretan. Apuntatu gura duenak udaletxera jo behar du goizeko 07:00etatik eta 11:30era, edota hango zenbakira deitu behar du: 94 681 89 98.

 

Kultur etxe berria

Kultur etxe berriaren inaugurazio ekitaldia egingo dute apirilaren 26an, 18:30ean. Errekondo eraikinean egongo da kultur etxea, hainbat zerbitzu emateko. Frontoitik bertara aldatu dute liburutegia, lehen solairura. Behean tabernak jarraituko du, eta bigarren solairua tailerrak egiteko erabiliko dute, besteak beste.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!