Herritarren 50 ekarpen jaso dituzte aurrekontuak osatzeko

Anboto 2012ko aza. 8a, 08:45
Endika Jaio: \"Lehenengo aldia izateko, kopuruagaz oso konforme gaude\"

 Endika Jaio: “Lehenengo aldia izateko, kopuruagaz oso konforme gaude”.

 

Udal aurrekontuak egiteko filosofia parte-hartzailea ipini dute martxan Mañarian. Aurrekontu osoaren atal bat herritarren iritziagaz osatzea erabaki dute, eta batu berri dituzte proposamenak. Endika Jaio alkateak (Bildu) azaldu du 50 ekarpen inguru aurkeztu dituztela herritarrek: “Lehenengo aldia izateko, kopuruagaz oso konforme gaude”. Lehenengo etxerik etxe joan ziren ekimena aurkeztera, eta hogei lagunekin berba egin zuten. Duela aste bi, hamasei lagun hurreratu ziren udaletxean eginiko batzarretara. Hartu-emon horien guztien ondorio dira jasotako iritziak. Jaioren arabera, proposamenak denetarikoak izan dira: hirigintzakoak, kulturakoak...

 

Jaiok esan du oraingoz balorazio positiboa egin dutela ekimenaz. Bere ustez, jendea ez dago ohituta aurrekontuetaz berba egitera, baina behin etorri direnean, gustura egon ei dira. “Jendeari erakutsi gura genion badagoela aurrekontuak egiteko beste era bat”. Aurten hasi direnez eta esperimentu legez hartu dutenez, ez dute aurrekontu osoa parte-hartzeagaz diseinatuko; inbertsioetako 20.000 euro gorde dituzte egitasmo honetarako. “Demokrazia zuzenerako pauso bat da”.

 

Hurrengo lanak

Hurrengo egunetan prozesuan parte hartu duten herritar batzuekin lan-talde bat sortuko dute. Zinegotzi eta teknikariekin batera, ekarpenak landu eta lehentasunak zehaztuko dituzte. Horretarako,  hiru faktore kontuan hartuta aztertuko dute ideia bakoitza: izaera soziala, urgentzia eta zenbat jenderi eragingo dion. Onartzen dena udalbatzarretik pasako dute. Jaiok adierazi du, onartu edo ez, herritarrei erantzungo dietela: “Banan-banan erantzuteko asmoa daukagu”. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!