Historiaurreko aztarnak metro karratu batean

Anboto 2012ko aza. 2a, 08:32

Metro karratu bakarrean egindako azterketari etekin handia atera diote Askondoko koban. Bertan aurkitutako margoak duela 25.000 urtekoak dira. Aztarna zaharrenak, berriz, Neandertal sasoikoak dira. Askondo koban 2010ean topatutako irudi eta aztarnen ikerketa amaitu dute, Diego Garate arkeologoak azaldu duenez

Mañariko Askondo kobazuloan dauden margoak duela 25.000 urteko belaunaldi batek egin zituen. Hori ondorioztatu dute Diego Garate eta Joseba Rios arkeologoek. Espezialisten lan-talde bategaz 2010ean aurkitutakoa aztertzen ibili dira, eta orein hezur batek 24.000 urte dauzkala frogatu dute. Datazio hori margoen sorrera argitzeko erabili dute.  

 

 

Ze emaitza nagusi eduki du zuen ikerketak?

Lana Joseba Riosek eta biok eroan dugu aurrera, espezialisten lan-talde bategaz. Askondon irudi kopuru txikia dago, beste batzuekin alderatuta, eta txarto kontserbatuta daude. Baina, zientifikoontzat oso garrantzitsua da. Datazio bat egin dugu. Lehenengo miaketan hezur bat topatu genuen horman sartuta. Bada, hezur hori orein hezurra da, eta 24.000 urte dauzka gutxi gora-behera. Datazio hau guretzat oso garrantzitsua da. Honekin jakin ahal dugu noiz margotu zen kobazuloa eta, agian, Kantaurialdean dauden antzeko leizeak noiz margotu ziren ere bai. Izan ere, adituen artean arazoak dauzkagu koba horietako irudiak zein kronologiakoak diren jakiteko, burdin oxidoz egin zirenez ezin dira-eta karbono 14 bidez datatu. 18.000 eta 28.000 urte artean kokatzen ditugu, baina zehaztasun esparru handiegia da. Altamiran bertan badaude Askondon bezalako zaldiak. Askondon bezala, han ere sarrera alboan daude,  eta gorriak eta oso handiak dira. Ikerketa aldetik, oso garrantzitsua da Askondo.

 

Irudi berriak ere topatu dituzue.

Bi arlo zeuden proiektuaren baitan: hormen miaketa eta zundaketa arkeologikoa. Bagenekien barruan margoak zeudela, baina ez genekien han bizi izan ziren ala ez. Miaketa egitean, irudi berriak aurkitu ditugu. Guztira, hamar bat zaldiren irudiak, esku batena eta trazu paralelo bat daude. Orban eta puntu piloa baita ere. Gehienbat sarreratik gertu; sarrera alboan egindako dekorazio bat zen. Ia egunaren argia heltzen da. 

 

Bertan bizi izan zirela frogatu duzue.

Gutxienez, bost sasoitan erabili zen bizitzeko. Neandertalen erraminten aztarnak dira aurkitutako zaharrenak, 40.000 urte baino gehiagokoak. Animalien hezurrak ere topatu ditugu, batez ere hartzarenak. Europara heldu ziren Homo sapiensen lehenengo belaunaldiaren arrastoak ere badaude; Bizkaian horrelako gutxi dago. Duela 25.000 urteko okupazio bat ere identifikatu dugu. Zenbait hezur-tresna topatu ditugu.  Gure ustez, hau da margoak egin zituen belaunaldia.

 

Azterketa zabaldu ahalko da?

Posible da gu lanean ibilitako lekua garrantzitsuena ez izatea. Segurutik, aztarnategi inportanteena gaur egun harrobia dagoen lekuan zegoen. Edozelan ere, metro karratu batean topatu dugu hau guztia. Gurea zundaketa bat izan da, eta indusketa zabal bat egiten bada 6-8 metrokoa, imajina ezazu: aztarnak ez dakit zenbatetan biderkatuko diren. Onena izango litzateke proiektua aurrera eroatea, baina antolakuntza eta dirulaguntza aldetik nahiko konplexua da. Behintzat, artea badago guztiz aztertuta, badakigu zer zegoen eta datazioa daukagu. Aztarnategia ere hor egongo da norbaitek beste proiektu bat egin gura badu.

 

Herritarrek edukiko al dute aukera Askondoko balioa ezagutzeko?

Leku estua da eta mugimendu arraro bat eginez gero izugarrizko kaltea sortu ahal duzu. Ez da batere gomendagarria jendeari zabaltzea. Pena izango litzateke 25.000 urte iraun duena guk hondatzea. Erakusketak egitea posible da, eta berbaldiak seguru egingo ditugu. Liburu bat ere publikatuko dugu laster. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!