Eskola materiala erosteko diru laguntzak emango ditu udalak

Anboto 2012ko urr. 19a, 08:34

Guztira, udalak 3.500 euro gorde ditu diru laguntzen gastua kubritzeko

Guztira, udalak 3.500 euro gorde ditu diru laguntzen gastua kubritzeko.

 

Ikasturte honetarako eskola materiala erosteko, familiei diru  laguntzak emango dizkie Mañariako Udalak. Familiakide kopurua eta guztien errenten batura hartuko dituzte kontuan laguntzak emateko. Gehienez, 180 euro emango dute laguntza bakoitzeko; hiru ikasle edo hortik gora dauzkatenei, 500 euro asko jota. Hogei eguneko epea dago laguntza eskatzeko. Guztira, udalak 3.500 euro gorde ditu gastu hau kubritzeko.

 

Bilduren botoekin onartu dute egitasmoa, EAJ abstenitu egin da-eta. Jeltzaleen ustez, laguntza horretarako bideratutako dirua elkarteei eman behar zaie. Julen Uribelarrea zinegotzia (EAJ): “Elkarteek premia handiagoa daukate diru hori jasotzeko. Eskolarako, badaude beste beka zerbitzu batzuk”. Endika Jaio alkateak (Bildu) demagogia egitea leporatu dio EAJri: “Beraiek agintean egon direnean inoiz laguntza barik utzi dituzte”. Aurten elkarteei laguntza handiagoa eman dietela esan du, hori badakiela EAJk, eta urtea amaitzeko hile biren faltan, dirua zer egiteko eman gura duten galdetu du Jaiok.

 

Martinez de Lezea, bihar

Bihar Ondarearen Europako Jardunaldien baitako ekitaldiak egongo dira Mañarian. 17:00etan, Erdi Aroko euskal emakumeen inguruko berbaldia eskainiko du Toti Martinez de Lezea idazleak. Ostean, bisita gidatua eta organo kontzertua egingo dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!