Partaidetzak garrantzi berezia edukiko du aurrekontuak osatzeko

Anboto 2012ko ira. 23a, 08:55

2013rako inbertsioen atal bat herritarrekin eztabaidatzeko gordeko dute

2013rako inbertsioen atal bat herritarrekin eztabaidatzeko gordeko dute.

 

2013ko udal aurrekontuak diseinatzeko herritarren partaidetza eskatu du udalak. Endika Jaio alkateak garrantzi berezia eman dio: “Oso aberasgarria izan ahal dela uste dugu”. Helburua, kudeaketa gardena dela dio. Aho batez onartu du egitasmoa  udalbatzarrak, Bildu eta EAJren botoekin. Julen Uribelarrea jeltzaleak dio eredua egokia dela. “Iritzia jasotzeak aurrekontuei bermea ematen die”.

 

Jakinda hutsetik hasiko direla, ez dute aurrekontu osoaren zehaztapena herritarren esku utziko. Jaiok adierazi du inbertsioen atal bat gordeko dutela guztien artean eztabaidatzeko. Atal hori aurretik bermatuko dutela; hau da, erabakitzen dena egiteko dirua gordeko dute.

 

Datozen egunetan informazio kanpaina hasiko dute eta urriaren 22tik 28ra bitartean egingo dituzte  lehenengo batzarrak. Galdetegi bat banatu, eta azaroaren 5era arte jasoko dituzte iritziak. Partaide batzuekin talde motorea sortuko dute eta, ostean, proposamenen bideragarritasuna aztertuko dute. Azken emaitzak berriro azalduko dituzte herritarrekin. Batzordeetatik pasatu eta gero, aurrekontuetan integratuko dituzte, abenduan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!