Argiztapena aldatuko dute Andra Mari kalean

Anboto 2012ko ira. 9a, 08:12

Lau urtetan aurreztuko denagaz obra amortizatu ahal izango dela aurreikusi dute udal ordezkariek

Lau urtetan aurreztuko denagaz obra amortizatu ahal izango dela aurreikusi dute udal ordezkariek.

 

Andra Mari kaleko argiteria publikoa osorik berrituko dute. Endika Jaio alkateak azaldu duenez, proiektuagaz dirua aurrezteko helburua daukate. Jaioren arabera, lau urtetan aurreztuko denagaz obra amortizatu ahal izango dute. Kontsumo baxuko LED argi sistema ipiniko dute kalean zehar. Obrak 79.600 euroko aurrekontua dauka, baina hortik %80 diru-laguntza bidez ordainduko dute. Prozedura irekia erabili dute lanak adjudikatzeko, eta alkateak esan du eskaintzarik onena topatzen saiatu direla.

 

Andra Mari kalean ez dago farola mota bakarra. Horregatik, obra ere desberdina izango da lekuaren arabera. Farola batzuk duela 30 urtetik instalatuta ei daude, eta horiek guztiz aldatu beharko dituzte. Beste kasu batzuetan, farola mantendu eta barruko bonbilla aldatuko dute bakarrik.

 

Obra honegaz, herriko eremu handi baten argiztapena berrituta izango dute. Errepideko argiteria ere udalaren kargu dago, baina ez dakite oraindik LED sistemak trafikorako balioko duen. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!