Eguerdiko 12:30ean "Askatasunaren alde eta faxismoaren aurka" borrokatu zirenen omenaldia egingo dute. Aste Kulturalaren baitan, biharkoa feria eguna izango da.
Durango jausi ostean, Mañariak hilabete iraun zuen Eusko Jaurlaritzaren esku, Jon Irazabal historialariak dioenez. “Sasoi hartan herriko sarrera estua zen eta erraza zen defendatzea”. Urkiolan jazotako gudaldietarako behin-behineko ospitalea ipini zuten herrian. Frontean hiru mañariar hil ziren; ez dute kartzelatu eta erbesteratuen daturik. Herritarrek euren datu eta lekukotzak ematea sustatu gura du Gerediagak. Gaur berbaldia eskainiko du Irazabalek, 12:30ean hasiko den ekitaldian. “Askatasunaren alde eta faxismoaren aurka” borrokatutakoen omenezko plaka inauguratuko dute bertan.
Aste Kulturala ospatzen dabiltza Mañarian, eta hainbat ekitaldi Gerra Zibilagaz lotu dituzte: antzerkia, proiekzioa... Gerra Zibila Durangaldean erakusketa domekara arte egongo da ikusgai. Horretaz gainera, beste izaera bateko ekimenak ere prestatu dituzte. Elikadura eta Artisautza azoka eta Ahuntz azpi gorrien monografikoa ere eratu dituzte domekarako.