Gaur arratsaldean, 19:00etan, Durangoko bonbardaketaren inguruko proiekzioa eskainiko dute liburutegian.
Aste Kulturala martxan dute Mañarian. Ekitaldi sorta eratu dute egunotarako, gehienak Gerra Zibilagaz lotutakoak. Domekan erakusketa zabaldu zuten, Gerediaga elkartearen laguntzaz. Datorren domekara arte egongo da ikusgai kultur etxean. Gaur Durangoko bonbardaketaren inguruko dokumentala ikusiko dute, eta bihar Eguzkiaren bila eskainiko du Karrika antzerki taldeak; 19:30ean udaletxean. Zapatuan, 12:30ean, Gerra Zibilaren oroimeneko ekitaldia egingo dute: In Memoriam.
Bestelako ekintzak ere iragarri dituzte. Barikuan, Herriko Tabernan, bertso-afarian batuko dira Andoni Egaña eta Sustrai Colinagaz. Zapatuan, 20:00etan, abesbatzen kontzertua izango da elizan. Domekarako, XVII. Elikadura eta Artisautza azoka eta XV. Ahuntz azpi gorrien monografikoa antolatu dituzte. Pilota partiduak ere programatu dituzte arratsalderako.