Jaurlaritzak dio 4,8 milioiko kalte ordainik ez duela ordainduko

Anboto 2012ko mar. 16a, 10:34

Zalloventa harrobiaren arduradunek erabakia auzitegietara eramango dute

Zalloventa harrobiaren arduradunek erabakia auzitegietara eramango dute.

 

Zalloventa harrobiak ondare-erantzunkizunagatik aurkeztutako erreklamazioa atzera bota zuen martitzenean Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak. Enpresak 4,8 milioi euroko kalte-ordaina eskatzen dio Jaurlaritzari Euskal Herriko Natura Babesteko Legearen aldaketak eragin dizkion kalteengatik. Lege horrek Urkiolako Parke Naturalean ustiatzen jarraitzea galarazten dio Zalloventari. Jaurlaritzak erabakia hartzerakoan arrazoitu duenez, “harrobiak ez zuen ustiatzeko behar zuen baimenik, negozio aurreikuspen hutsa zuen”.

 

Zalloventako arduradunek jakitera eman dutenez, bide administratiboa agortu badute ere, orain epaitegietara joko dute.

 

Ez da hau Mañariko harrobia epaitegietara joango den lehenengo aldia: prozesu judizial luze baten ostean, Auzitegi Gorenak 2010eko ekainaren 9an Zalloventa harrobia ixteko epaia eman zuen. Ondoren, 2011n, Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Batzordeak 9,2 milioi euroko kalte-ordaina ordaindu zion Zalloventa harrobiari, Auzitegi Nagusiak plazaratutako epaiak hala aginduta. Epaitegietako ebazpen horrek zioenez, “ondarean eragindako kaltearen % 20” ordaindu behar zion Eusko Jaurlaritzak Zalloventa enpresari. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!