Diru laguntza eskatu dute liburutegia lekuz aldatzeko

Anboto 2012ko mar. 11a, 09:28

Errekondon ipiniko duten kultur etxera eroateko proiektua aurkeztu du Bilduren gobernu taldeak

Errekondon ipiniko duten kultur etxera eroateko proiektua aurkeztu du Bilduren gobernu taldeak.

 

Liburutegia lekuz aldatzeko asmoa du Bilduren gobernu taldeak. Herrian Errekondo izenagaz ezagutzen duten eraikinera eroatea da asmoa —etorkizunean kultur etxea ere hartuko du—. Otsaila amaieran, lekualdatze proiektua diruz laguntzeko eskaera aurkeztu zuen udalak Eusko Jaurlaritzan.

 

“Gehienez ere, proiektuaren kostuaren %80 hartuko luke Jaurlaritzak bere gain”, Endika Jaio alkateak azaldu duenez. Hilabete bi barrurako espero du gobernu taldeak Eusko Jaurlaritzan egindako eskariaren erantzuna.
Alakateak azaldu duenez, gaur egun frontoiaren alboko liburutegira ikastera joaten direnak sarri kexatzen dira, “frontoiko zaratagaz”, eta udal gobernuari aukera aproposena iruditzen zaio  liburutegia Errekondoko eraikinera eroatea.

 

Etorkizuneko kultur etxearen lehenengo solairuan atondu gura dute liburutegia, udal gobernuaren proiektuak jasotzen duenez. Bertan, ikasteko gela eta taldeko lanak egiteko gune bat egongo dira, besteak beste. KZgunea ere, urte batzuk barru Errekondoko kultur etxe berrira eroateko asmoa agertu dute Bilduren gobernu taldekideek. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!