Tasen zenbatekoa eta ordutegiak eguneratu gura dituzte, eta udalak kudeatu ditzala diru-kontuak.
Frontoiaren erabilera-araudia berriztekotan dihardu Bilduko gobernu taldeak. Pilota eskolagaz horrela adostuta, aurrerantzean udalak kudeatuko ditu zuzenean frontoia erabiltzeagatiko tasak eta diru-kontuak; horrela proposatu zuten gaiaren inguruan abenduan burutu zuten foroan.
Herritarren artean “frontoia mañariarrek erabiltzea bermatuta ez dagoen sentsazioa” zabaldu dela ohartuta ekin diote tasen zenbatekoa, ordutegiak eta abarak zehazten dituen araudia aldatzea helburu duen prozesuari.
Hil honetan edo martxoan, herritarrek abenduko foro tematikoan egindako ekarpenak aztertzeko eta araua diseinatzen hasteko batzarra deituko dute.
Jaio alkatearen berbetan, gobernuaren helburuak honakoak dira: mañariarrei eta kanpotarrei tasa ezberdinak kobratzea, ordutegia finkatu eta jakinaraztea, “alokairu aukera hobeto arautzea”, herritarrei eta pilota eskolari lehentasuna ematea... .