Udal aurrekontua onartu dute, Bilduren botoekin

Anboto 2012ko urt. 19a, 10:34

Bariku iluntzean egin zuten 2012 urterako udal aurrekontua eztabaidatzeko udalbatzarra

Bariku iluntzean egin zuten 2012 urterako udal aurrekontua eztabaidatzeko udalbatzarra.

 

Bilduren aldeko botoagaz, aurrera egin zuen barikuan gobernu taldeak proposaturiko 2012rako aurrekontuen proposamenak. Proposamen horretan, “herrian gasa sartu eta etxebizitza sozialak eraikitzeko lurra erosteko” diru-atalak falta direla adierazita abstenitu egin ziren jeltzaleak.

 

Iazkoagaz alderatuta, %12 handiagoa den diru-kopurua kudeatzea aurreikusi du udalak.
Guztira, 800.000 euro inguru jaso ditu Bilduko gobernu taldeko zinegotzien bozkarekin aurrera egin zuen aurrekontu proposamenak; horietatik 100.000, herriko Plan Orokorra berrikusteko prozesua abiatzera bideratu gura dute. Jaio alkateak aurreratu duenez, 2012an udalarentzako gastu handiena izango den horren %75 ordaintzeko diru-laguntza jasotzea aurreikusi dute. “Erronka polita da plan orokorraren berrikuntza”, alkatearen berbetan, “zelako herria gura dugun erabakitzeko parte-hartze prozesua abiatzea”.

 

Elkarteei laguntzak

Iaz jaso zutenagaz alderatuta, udaletik diru-laguntza handiagoa jasoko dute, orokorrean, herriko elkarteek. Alkateak azaldu digunez, “pilota eskola da aurten udaletik diru gutxiago jasoko duen elkarte bakarra: pilota eskolari zuzenean 5.000 ematea erabaki dugu”. Gobernu taldeak adierazi duenez, “gehiegizko aldea zegoen beste elkarteekin konparatuta pilota federazioak jasotzen zuen 7.000 euroko diru-kopuruan”.
Bestalde, herriko argiteria berritzera eta Kultur Etxeko obrak amaitzera bideratzeko 60.000 euroko inbertsioa aurreikusi dute 2012rako aurrekontuetan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!