Mañariarrek zein Durangaldeko beste herrietako hainbat lagunek erantzun diote udalaren deiari.
Orain aste bi egin zuen Mañariko Udalak lehenengoz antolatu duen bigarren eskukoen azokan parte hartzeko eta zerbait salmentan ipini gura zutenek izena emateko deia. Mañariko zein Durangaldeko beste herri batzuetako hainbat lagunek ondo erantzun diote dei horri, eta, guztira, hamalau salmahai ipiniko dituzte bigarren eskuko produktuak saltzeko, abenduaren 18ko azokan.
Domekan, 11:00etatik 14:00etara, frontoian burutuko dute Mañarian lehenengoz antolatu duten azoka.
Udaleko ordezkariek azaldu digutenez, euren etxetik liburuak, arropak eta bitxikeriak eramango dituzte azokan salmahaiak ipiniko dituztenek bisitarientzat aukeran. Gainera, etxeko ganbaretatik berreskuratu eta bigarren eskuko azoka horretan altzariak salgai ipiniko dituztenak ere badaude.
Mañarian zein Durangaldeko beste herri batzuetan ekimenak izan duen harreragaz oso pozik agertu dira lehenengoz azoka hau antolatu duten Mañariko Udaleko ordezkariak.