Herria zeharkatzen duen N-623 errepideak bidea gurutzatu gura duten oinezkoei eragindako kalteei aurre egiteko soluzioa ipintzeko eskaria aurkeztu du gobernu taldeak Aldundiaren Garraio eta Herri-lan Sailean.
Udal gobernuaren ustez, “herriguneak zebra-bide gehiago behar ditu”. Lehen kendu zuten zebra-bidea “berreskuratu eta beste bat herriko supermerkatu bakarra dagoen lekuan jartzea” proposatzen du Bilduk. Endika Jaio alkateak adierazi duenez, Mañariko Udalaren eskariei erantzuteko prestutasuna adierazi zuen Aldundiak.
Gehiengorik ez
Joan zen barikuko udalbatzarrera eraman zuen Bilduko udal gobernuak Mañaria Udalerri Euskaldunen Amankomunazgoan sartzeko proposamena. Gobernu taldeko zinegotzi bat falta zen plenoan, eta, EAJk kontra bozkatu zuenez, proposamenak ez zuen aurrera egin. Uribelarrea EAJko zinegotziak azaldu duenez, “diru asko suposatzen du sartzeak, eta gaitza da ateratzea”.
Jeltzaleek kontra bozkatu zuten, ez dutelako “UEMAn sartzeko premiarik ikusten, eta Euskara Normalizatzeko Planagaz jarraitzeko” apustua egiten dutelako. Hurrengo pleno batean landuko dute gaia berriro.