Urriaren 21ean, gaur, ospatzen dute Mañarian herriko patroiaren eguna, Ursula Donearen eguna. Eguerdian ekin diote izen bereko jubilatuen elkarteak antolaturiko egitarauari.
Hildako elkarteko kideen omenezko urteroko meza burutu dute, 13:00etan, eta elkarteak antolaturiko bazkaria egin dute, ohiturari jarraituz, 14:30ean, Astei jatetxean.
Herriko gaztetxoenei zuzenduriko ekintzak antolatu ditu udalak gaurko egunerako, lehenengoz. Arratsaldeko 18:00etan hasita, umeendako tailerrak izango dira frontoian. Bitxiak egiten ikasteko aukera izango dute, besteak beste, hurreratzen direnek.
Ursula Donearen urriaren 21eko egunerako hitzorduekin amaitzeko, txokolate dastaketa ere antolatu dute Ursula Donea jubilatuen elkarteak eta Mañariko Udalak.