Eusko Jaurlaritzako gobernu batzordeak 9,2 milioi euroko kalte-ordaina ordaindu beharko dio Zalloventa harrobiari, Auzitegi Nagusiak plazaratutako epaiak hala aginduta, “2006tik ondareari eragindako kalteagatik”.
Jaurlaritzatik azaldu dutenez, “ondarean eragindako kaltea” 2006an gertatu zen Urkiolako Parke Naturaleko Plana errebisatu zutenean. Aldaketa horrek Zalloventaren ustiapen eremua txikitu zuen, eta harrobiaren mendebaldea ustiatzeko baimenari ezezkoa eman zioten. Auzitegi Nagusiko sententziak azaltzen duenez,”erabaki horregaz enpresari bere ustiapen eskubidearen zati garrantzitsua kendu zitzaion”. Epaitegietako ebazpenak dioenez, “ondarean eragindako kaltearen % 20” ordaindu beharko dio Jaurlaritzak Zalloventa enpresari, hau da, aurreikusitako irabazien (46.185.765 euro) %20; 9,2 milioi euro zehazki.
Jaurlaritzak dioenez, “Urkiolako Parkearen sorrerako dekretuak harrobi berriak zabaltzea debekatzen du, lehendik daudenak errespetatzen ditu, eta parkearen erregulazioak eragindako muga eta murrizketek ondare eskubidean eragin ditzaketen kalte-ordainak eskatzeko aukera aitortzen du”.
Epaitegietan bide luzea egin du Zalloventa harrobiaren auziak. Eusko Jaurlaritzak 2010eko uztailean Auzitegi Gorenak ekainaren 9an eman zuen epaia betearaziz Zalloventa harrobiari “erauzketa-jarduera berehala bertan behera uzteko” agindu zion. Jaurlaritzak sasoi hartan azaldu zuenez, “baliobakotutako ebazpenaren babespean” jardun zuen enpresak harrobiaren ustiaketan.
Auzitegi Gorenak Mañariko bizilagunen aldeko sententzia ere kaleratu zuen 2004an, Eusko Jaurlaritzak Zalloventari “C” sailean jarduteko baimena baliobakotuta.
“Onartezina”
Dani Maeztu Aralarreko legebiltzarkidearen berbetan, "onartezina da eta ezin da ulertu ondarean eragindako kalte ordaina ordaindu behar izatea herritar guztion diruagaz; are gutxiago, Auzitegi Gorenaren sententzia batek esaten duenean enpresak esplotaziorako eskubiderik ez zuela harrobia ustiatzeko Urkiolako Parke Naturalaren inguruan". Gaineratu duenez, "ardura politikoa argitu beharra dago”. Horregatik, Jaurlaritzari eskatu dio Legebiltzarrean argitu dezala auzi honetan zer gertatu den.