Gordeta dagoen udal banderarik zaharrena da Mañarikoa. 1802koa da, baina horrek ez du esan gura bandera hori denik sortu zen lehenengoa. Iñaki Irigoien folklore ikerlariak XVI. mendeko dokumentuetan ere topatu du banderen inguruko informazioa. \'Mañariko bandera: Bizkaiko zaharrena\' berbaldia emango du gaur, urriaren 22an, Europako Ondare Jardunaldien baitan. Mañariko Udaletxean, 17:30ean, hasiko du hitzaldia.
Dantzariekin lotu ditugu beti banderak, baina izenez ‘udal banderak’ dira. Zer jatorri daukate?
Herrien sinbolo moduan asko erabili dira banderak. Herri guztiek erabiltzen izan dituzte. Tartean, gerrarako ere erabiltzen ziren. Karlistaden aurretik, ez zegoen ejerzitorik, eta herri bakoitzak bere konpainia prestatzen zuen; herritarrak soldadu egiten zituzten. Alkatea kapitaina izaten zen, eta urtero arma alardeak egiten zituzten. Orduan herriek banderak izaten zituzten sinbolo moduan. Herri txikienetan ere banderak daude horregatik; eurak ere gerrarako prestatzen zirelako. Historialari batek esaten du 100 pertsonatik gorako herrietan sinbologia hori egon behar izaten zela.
Mañarian 1802ko bandera mantentzen da, Bizkaiko zaharrena.
Gorde direnen artean zaharrena da, bai, baina banderak lehenagotik ere bazeuden. Asko apurtu egin dira, edo desegin egin dira. Durangaldeko bandera zaharrak dantzariek mantendu dituzte, batez ere, Dantzari dantzaren sinbologian sartuta. Banderak mantentzea gaizta izan da. Abadiñoko zaharra galdu zen, batzuk diote Berrizko bat, 1.700 ingurukoa, gerra denboran galdu zutela... Apurtu ere egiten dira, eta berriak egiterakoan zaharrak bota.
Dantzariei esker mantendu dira gordeta daudenak, beraz?
Durangaldean bai. Beste herri batzuetan, Antzuolan, esate baterako, bandera ederra ateratzen dute Moroen Jaian, eta esaten dute Erdi Arokoa dela. Baina Bizkaian, eta batez ere Durangaldean, Dantzari dantzaren inguruan gorde dira. Durangoko datuetan agertzen denez, dantzariak bandera XVIII.mendean behintzat erabiltzen zuten. Azken 300-400 urte bitartean, garbi erabili dira banderak Dantzari dantzan. Eskerrak horri, gorde egin dira herriko bandera zaharrak.
Mañarikoari buruz zer dakigu?
Zoritxarrez, Mañariaren artxiboa oso urria da. XVIII. mendeko datu batzuk badaude, baina gehienak XIX. mendetik aurrerakoak dira. Bandera 1802an egin zen, eta 1804ko akta batean agertzen denez, bandera bat zegoen, eta baita txilinak ere dantzarientzako. Datu bat dagoenean ez du esan gura orduantxe sortu zela; orduan bazegoela baino. Dokumentu zaharretan sarri agertzen da “segun costumbre”, eta horrek esan gura du aspalditik datorren kontua dela.
Gaurko berbaldian Mañariko jatorrizko dantzen inguruan ere jardungo duzu.
Bai. Dantzari dantza da bertakoa, eta Durangaldeko beste herrietan moduan egiten izan da dantza, argi agertzen da dokumentuetan. Mañarian, gainera, txistulariak, urte askoan izan dira Patxikotarrak, Amezuatarrak, Hipolito Amezua, eta bere aita-eta... eta txistulariek ere parte hartzen zuten dantzetan, askotan erakusten.
Durangaldeko dantzen gainean hainbat lan egin duzu. Orain bazabiltza gairen bat sakontzen?
Dantzan ibilitakoa naiz ni, eta dantzatik aparte Euskal Herri guztian ibili naiz dantzak ikusten, eta dokumentu zaharretan arakatu gura izan dut, ikusteko egiten ditugun dantzak ez direla oraingoak, eta oinarritzeko apur bat; aspalditik datozen dantzak dira. Orain Durango eta Garaiko Dantzari dantzari buruzko infomrazioa batzen nabil.