Datorren astean, abuztuko Andramari jaietan herritarren parte-hartzea bultzatzeko batzar irekia deituko dutela azaldu du gobernu taldeak.
Endika Jaio alkatearen berbetan jaso dugunez, Bilduk alkatetza hartu zuenerako aurreko gobernu taldeak osatua eta lotua zeukan jai-egitaraua mantenduko dute, baina abuztuko herriko jaiei begira hainbat berrikuntza egingo dute.
Txosna berreskuratuko dute aurten, esaterako, eta herriko elkarteei gonbita egin diete jaietan parte hartu dezaten: txosnaren eta jaien antolakuntzaren beste ardura batzuk ere herritarrekin konpartitu gura lituzkete.
Herritarren parte-hartzea sustatzeko asmo horretan, iaz 25 urte bete zituen Andra Mari elkarteari proposatu dio gobernu taldeak jaien hasierako txupinazioa botatzea.