Arruetako antenetako bat kendu dezala eskatu dio Auzitegi Nagusiak Udalari

Anboto 2010ko mai. 14a, 10:00

Arruetarrek pozik hartu dute auzitegien ebazpena. Udalak auzokideekiko \"begirune gutxigaz\" jokatu duela salatu dute, \"enpresen interesak lehenetsiz, auzokideen ongizatearen gainetik\". Maiatzaren 20ra arteko tartea dago helegitea aurkezteko; Udal Gobernuko ordezkariek aurreratu digutenez, errekurtsoa aurkeztuko du Udalak.

Auzokideek Arruetako antenen auzian apirilean jaso zuten Bilboko Administrazioarekiko Auzietako laugarren salaren epaia. Epaitegiak auzo horretako errepetidorean jarritako antena bat desmantelatu dezala eskatzen dio Udalari. [imgd]http://www.anboto.org/images/7500/7583/1.jpg[/imgd] Auzokideen berbetan, epaiak azaltzen duenez, EAEko Ingurumena Babesteko Lege Orokorraren arabera \"jarduera sailkatua\" izan behar da \"pertsonengan eta ingurumenean kalteak sorrarazi ditzaken jarduera bat delako\" eta prozedura administratiboaren arabera, \"Udalak Ingurumen Sailaren eta Osasun Sailaren txostenak eskatu beharko lituzke\". Arau subsidiarioetan ezarritako \"distantziak ere ez direla betetzen\" dioela sententziak gaineratu dute. \"Enpresari Udalak eremu elektromagnetikoen txostena ez dio eskatu, eta sententziak puntu hori ere jasotzen du\". Arruetarrek pozik hartu dute auzitegien ebazpena. Udalak auzokideekiko \"begirune gutxigaz\" jokatu duela salatu dute, \"enpresen interesak lehenetsiz, auzokideen ongizatearen gainetik\". Gogoratu dutenez, errepetidoretik kanpora dagoen beste antena bat ilegala zela \"Udalak berak onartu zuen\", eta nahiz eta enpresak desmantelatzeko zuen epea ez bete Udalak baimena eman diola azaldu dute \"lekuz aldatzeko hiru hile gehiago emanez gero antena desmantelatzeko\". \"Enpresa horri beste edozein herritarri legea betetzerako orduan ematen ez zaion pribilegioa ematen ari da Udala\", nabarmendu dute.

Udalaren errekurtsoa

Auzitegiak kaleratutakoa, baina, ez da behin betiko sententzia, eta, beraz, maiatzaren 20ra arteko tartea dago helegitea aurkezteko. Udal Gobernuko ordezkariek aurreratu digutenez, errekurtsoa aurkeztuko du Udalak. Gobernu Taldeak defendatzen duenez, \"Movistar enpresari telefonia mugikorreko antena jartzeko baimena Euskal Autonomi Erkidegoko orduko legediaren arabera eman zitzaion orain urte batzuk\". Jeltzaleek nabarmentzen dutenez, sententzia hiri-lurrean kokatutako antenei dagokie, eta ez, euren berbetan, Udalak \"telekomunikazio azpiegiturentzako kalifikatutako lursail\" baten kasuari. Helburua \"telebistarako eta telefoniako antenek dauden lekuan, orain 20 urte teknikari batek apropos iritzi zuen lekuan, jarraitzea\" dutela azaldu digute Udalean. Batetik, \"Udalak ez du antenak jartzeko beste lurrik\", eta antenetatik \"inguruko etxebizitzetarako distantziak ez dira txikiak\", jeltzaleek diotenez.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!