Eremu Naturalen babeserako lege proposamena egin dute

Anboto 2008ko aza. 18a, 15:04

Sozialistek, popularrek, eta Aralar alderdiak Gasteizko legebiltzarrean proposatu dute Euskal Herriko Natura Babesteko legea aldatzea. Legebiltzarreko alderdi guztiek aho batez onartu dute proposamena aintzat hartu eta eztabaidarako bidea zabaltzea.

Sozialistek, popularrek, eta Aralar alderdiak Gasteizko legebiltzarrean proposatu dute Euskal Herriko Natura Babesteko legea aldatzea. Legebiltzarreko alderdi guztiek aho batez onartu dute proposamena aintzat hartu eta eztabaidarako bidea zabaltzea.

Proposamenaren defendatzaileen ustez, ezinbestekoa da jarduera ekonomiko eta sozialak lurraldean kokatzeko prozesuak bideratu eta arautzen dituzten erizpideak zehaztea. Euren hitzetan, "ustiapen ekonomikoen eta babes guneen arteko oreka ezarriko duen arloko plana egin beharra dago". Orain hamabost urteko 1994/16 legea ez dela nahikoa gune naturalak harrobien ustiaketatik babesteko uste dute proposamena mahaigaineratu duten alderdiek, eta 1994ko Legearen "hutsunea" betetzera datorren aldaketa dela nabarmentzen dute bultzatzaileek.

Horrenbestez,  1994/16 legearen 17. artikuluan laugarren atal bat gehitzea da eztabaidara ekarri dutena, aipatutako legeari honako esaldia gehituz: "Babestutako Gune Naturalen muga eta afekzio guneen barruan ezingo da ustiapenik egin, ez aire zabalekorik ezta lurrazpikorik ere". Dagoeneko egoera horretan jarduten duten ustiapenei dagokienean aldiz, ustiapen guneak zabaltzea debekatzea zehazten da proposamenean, eta baimen adiministratiboek jasotzen dituzten mugetan jarduera bukatzea.

Urkiolako parke naturalaren barruan jarduten duten harrobien zabaltzearen kontra jardun izan duten herritarrek pozez hartu dutela eztabaida honi atea zabaltzea, eta "Mañariko leihotik begiratuta, benetan pozgarri" egin zaie lege-proposamena Legebiltzarrean hartu izana. Mañaria zein Bizkaia osorako ere oso garrantzitsutzat jo dute iragan barikuan Gasteizko Parlamentuan egin den lege-proposamen "aurrerakoia".

Hamabost egunetan emendakinak aurkezteko aukera izango dute alderdiek, eta ondoren jasoko du Gasteizko Legebiltzarrak Euskal Herriko Natura Babesteko legearen aldaketa proposamena.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!