Emakumezko pala jokalaririk onenak lehiatuko dira Mañarian

Anboto 2006ko abe. 14a, 15:51

Mañarian goi mailako pala partidekin gozatzeko aukera izango da asteburuan. Bizkaiko Pilota Federazioak, XVI. Bizkaiko Emakumezkoen Paleta Goma Txapelketa bertan antolatu du. Kanporaketak bihar eta etzi izango dira, eta finala hilaren 23an jokatuko da. Jokalarien artean munduko txapeldun izandako bat baino gehiago dago.

Mañarian goi mailako pala partidekin gozatzeko aukera izango da asteburuan. Bizkaiko Pilota Federazioak, XVI. Bizkaiko Emakumezkoen Paleta Goma Txapelketa bertan antolatu du. Kanporaketak bihar eta etzi izango dira, eta finala hilaren 23an jokatuko da. Jokalarien artean munduko txapeldun izandako bat baino gehiago dago.

Antolatzaileek bi arrazoirengatik aukeratu dute Mañaria txapelketako gune moduan: Herrian pilota sustatzeko Udalarekin adostutako hitzarmenagatik, eta Mañarian orain gutxi sortutako emakumezkoen pala eskolari bultzada emateko: “Gure helburua emakumezkoen pilota sustatzea da, eta txapelketa hau hor kokatu daiteke. Bizkaian ez ezik, Euskal Herri mailan ere jaialdiak antolatuko ditugu etorkizunean”, dio Arkaitz Larrinagak, Euskal Pilota Federazioko pala arloko arduradunak.

Puntako pilotariak

Arrazoiak arrazoi, mañariarrek ikuskizun paregabea izango dute etxetik gertu. Kategoria bitan banatuta, zortzi bikote lehiatuko dira txapela jantzi guran. Horietako lau jokalari puntakoak dira, “gaur egun, Europa mailan aurki daitezkeen onenetakoak”, Larrinagak adierazi duenez. Izan ere, Federazioak txapelketan parte hartzeko gonbidapena luzatu die Bizkaitik kanpoko lau pilotariri: Maite Ruiz de Larramendi eta Susana Muneta nafarrei, eta, Maider Mendizabal eta Nati Evaristi gipuzkoarrei. Lau hauen palmaresa ez da txantxetakoa. Ruiz de Larramendi eta Mendizabal munduko txapeldun izan ziren 1998an, eta aurten, Mexikon jokatutakoan, azpitxapeldun geratu dira. Munduko kopa ere birritan irabazi dute; 1999an eta 2001ean. Evaristik 22 urtez azpiko txapelketa irabazi zuen 1997an, eta Mexikoko txapelketan, Patricia Espinar galdakoztarrak hartu dio erreleboa: “Bizkaian etorkizunik oparoenetakoa duen pilotaria da Espinar”, dio Larrinagak.

Asteburuan lau partida jokatuko dira. Irabazleak finalera pasatuko dira, zuzenean. Bihar, 17:00etan hasita, Susana Osteikoetxea eta Angélica González Saioa Melsio eta Lorea Mediavillaren aurka lehiatuko dira, bigarren mailan. Lehenengoan, Gaxi Gallastegik eta Maite Ruiz de Larramendik, Sheila Perera eta Susana Muneta izango dituzte arerio. Etzi, 11:30ean, honako partidak hauek jokatuko dira: Itxaso Pradera eta Amaiur Magunazelaia, Larraitz (edo Amaia) eta Ane Thateren kontra bigarren mailan; eta Patricia Espinar eta Maider Mendizabal, Nati Evaristi eta Idoia Gordónen aurka, lehenengoan.

Finala 23an jokatuko da, baina ordua oraindik ez dago erabakita: “Sasoi honetan Gipuzkoako txapelketa jokatzen ari dira, eta hango pilotariek zapatuetan jokatzen dituzte partidak. Ordua zehaztean, jakinaraziko dugu”.

Pilota eskolak

Atxondoko eta Abadiñoko pala eskoletako pilotarien erakustaldiak ere izango dira partida nagusien aurretik. Bihar, Leire Azkarragak eta Iris Tajadak, Izaro Etxebarria eta Maialen Unzaluren kontra jokatuko dute, eta etzi, Jone Unzalu eta Ainhoa Uribarri, Amaia eta Larraitzen aurka arituko dira. Hauek teniseko pilotekin jardungo dute.

PARTE HARTZAILEAK:

Durangaldea: Gaxi Gallastegi (Atxondo), Sheila Perera (Durango) eta Amaiur Magunazelaia (Abadiño).
Bizkaia: Patricia Espinar (Galdakao), Idoia Gordón (Loiu), Saioa Melsio, Lorea Mediavilla, Angélica González eta Iris Tajada (Zierbena), Susana Osteikoetxea (Zierbena), Ane Thate (Plentzia) eta Itsaso Pradera (Mallabia).
Gipuzkoa: Maider Mendizabal eta Nati Evaristi.
Nafarroa: Maite Ruiz de Larramendi eta Susana Muneta.
Mañariko eskola: Izaro Etxebarria, Leire Azkarraga, Maialen Unzalu, Jone Unzalu eta Ainhoa Uribarri.
Abadiñoko eskola: Amaia eta Larraitz.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!