Zure hirugarren legegintzaldia hasi duzu. Zer moduz?
Zortzi urte joan dira dagoeneko udalean alkate karguan hasi nintzenetik. Orain beste legegintzaldi bat hasi dugu, baina niretzat jarraipen bat da. Proiektuagaz aurrera egiteko modu bat da.
Zeintzuk dira legegintzaldiko erronka nagusiak?
2022an hasitako proiektuak amaitu gura ditugu. Izan ere, pandemiagaz inbertsioak etenda geratu dira. Hauteskunde programa bat dugu eta bete egin gura dugu. Proiektu garrantzitsuak ditugu. Alde batetik, Mallabiko auzoen saneamenduagaz hastea. Badugu aurreproiektu bat. Bestalde, orain hilabete Imanol Pradales hemen izan zen Berano, Arandoño eta Goitondoko industrialderako sarbide berriak egiteko proiektua aurkezten. URAgaz ere proiektu bat dugu, Goitondon saneamendua sartzeko hodi biltzaile bategaz Ermuraino. Kultur arloan ere zer egin dezakegun landu gura dugu, jendea Mallabian geratu dadin.
2024ra begira, zein egitasmo duzue esku artean?
Aurrekontuak abenduan plenora eramango ditugu. EH Bilduri zirriborroa pasatu diogu, ekarpenak egin ditzan. Datorren urterako aurrekontuan, %10 inbertsioa da, eta gainerakoa gastu finkoa. Inbertsio atalean, proiekturik handiena eskolan aerotermia sistema ipintzea izango da. Gaur egun gasoila dugu. Proiektua prest dago. Soberakinagaz beste gauza batzuk egingo ditugu, eta saneamenduagaz hasiko gara, faseka.
Bizkaiko Foru Aldundiak radarrak ipini zituen errepidean, Trabakua inguruan. Zein balorazio egiten duzue?
Mallabiarentzat oso neurri ona izan da. Errepide horretan istripu asko egon izan da eta jendea abiadura handian joaten zen. Arazo bat dugu, bidea zeharkatu egin behar delako Zengotitan autobusa hartzeko. Lau erreil daude, eta gatxa da. Radarragaz asko igarri da kotxeen abiadura moteldu egin dela leku horretan.
Orlan Isoird Berrizko alkateak dio radarrak bere herriraino heldu beharko liratekeela.
Orlan Isoird Berrizko alkateak eta biok egin genuen trafikoaren abiadura jaisteko neurrien eskaera. Baina Berriztik Trabakuraino neurriren bat hartuko zutela pentsatu genuen. Azkenean, Mallabiko zati batean radarrak ipini dituzte eta Berriz neurri horretatik kanpora geratu da. Ereñan, esate baterako, arrisku handia dago eta logikoa da radarrak tarte zabalago batean ipini gura izatea. Badakit zati luzea dena, baina radarrak zati bitan ipini daitezke beharbada.
Mallabiko proiektu handi bat Eibar futbol taldearen egitasmoa da.
Egitasmo hau 2018-2019an hasi zen martxan. Bazkideek erabaki zuten Mallabian egin gura zutela proiektua. Sasoi hartan, Plan Orokorra aldatzen hasi ginen. Prozesu luzea izan da eta bost urte eman ditugu tramitazio hori egiten. Dagoeneko Plan Orokorra aldatuta daukagu eta eman dugu baimena Kirol Hiriaren proiektuari ekiteko.
Zer dago eginda eta zer falta da egiteko?
Kirol Hiriari gehituriko azpiegiturak egin behar dira lehenengo. Kirol Hiria zelaiak izango dira, baina, horregaz batera, Areition biribilgune bat egingo da, eta bidegorri bat herriguneraino. Hortik hasi dira, eta, horren ondoren, Kirol Hiria egingo dute. Arduradunek esan dutenez, urte bi beharko dituzte obrak egiteko. 2025 amaieran edo 2026 hasieran egongo litzateke prest.
Zein azpiegitura eraikiko dute?
Bost futbol zelai eta harmaila handi bat egingo dituzte. Harmailen azpian bulegoak, aldagelak eta horrelakoak egongo dira. Eraikin zentral bat ere egongo da, taberna txiki bategaz, eta baita beste instalazio batzuk ere.
Ona izango da Mallabiarentzat?
Bai, ona izango da, mugimendua sortuko duelako. Jendea herrigunera bajatu daiteke kafe bat hartzera, esate baterako.
Urtia eta Goitondoko industrialdeetara joateko, kamioiak Ermuko herrigunetik pasatzen dira. Saihesbidea egitea eskatzen duen plataforma bat dago Ermuan. Momentu honetan, zein da egoera?
Aldundiak esan du saihesbidea beste fase bitan egingo duela. Orain fase bat egin du, Areition, tunela eta biribilgunea. Beste fase biak 2030ean amaitzea aurreikusten dute. Guretzat oso garrantzitsua da saihesbide hori egitea. Bestela, arazoa Ermuak dauka, kamioiak handik pasatzen direlako.
Batzartu zarete plataformako kideekin?
Bai, egon ginen plataformakoekin. Aukera bi proposatzen dituzte kamioiak Ermutik ez pasatzeko. Alde batetik, kanposantu ondotik Urtiara joatea. Bestetik, Trabakutik igo eta bajatzea. Nire iritziz horrek ez du zentzurik. Ea zelan azaltzen diozun enpresariari 30 kilometro gehiago egin behar dituela. Gainera, arazoa beste herri batzuetara eramaten duzu, eta hori ez da konponbidea. EAJk eta EH Bilduk oharra atera genuen maiatzean, planteamendu horregaz ez gaudela ados esateko. Eurei ere jakinarazi genien hori. Baina saihesbidea derrigorrezkoa da, horretan ados gaude.
Goita auzoan ere auzokideak kexu dira hainbat kamioi eta ibilgailu pasatzen delako bertatik. Zein arazo dago hor?
Jendea Trabakutik doa eta, Goitondora lanera joateko, kamioien kasuan, GPSak hortik bidaltzen ditu. Guk kartelak ipini ditugu debekatuta dagoela adierazteko, baina, hala ere, GPSaren arazoa dago. Orain, kamioi gutxiago joaten da hortik. Kotxeak ere hortik joaten dira, arinago heltzeko lanera. Gatx da hori konpontzea, baina guk seinaleak ipini ditugu.
Auzokideekin batzarrak egin dituzue aurrekontuetara begira.
Zortzi urte dira batzar hauek egiten ditudana. Urtero auzoetara joaten gara, eta baita herrigunera ere. Jendeak inguruan dituen arazoak kontatzen dizkigu, eta harrera ona izaten dute. Auzoetara joaten gara azalpenak ematera eta ekarpenak jasotzera, eta auzokideek ondo baloratzen dute hori. Auzo bakoitzekoekin zerrenda bat egiten dugu, hurrengo urtean zehar konponketak egiteko. Askotan mantentze-lanak izaten dira.
Goitondoko industrialdeko sarrera-irteeraren proiektua obra handia izango da.
Sarrera-irteerak ez daude batere ondo, eta istripu asko gertatu da auzoan. Puntu beltz bat da. industrialdera sartzeko ere ez dago ondo. Aldundiagaz hitzarmena sinatu dugu. Guk milioi erdi ordainduko dugu, eta Aldundiak 3,4 milioi euro. Dagoeneko hasi da lizitazioa, eta obrak udaberrian hastea da asmoa. Bestalde, hor ondoan hodi biltzailea dago sartzeko, Goitondotik Ermuraino. Aldundiagaz eta URAgaz berba egiten gabiltza ea obra biak koordinatu ditzakegun. Obra batek 14 hilabeteko iraupena izango du, eta besteak 12 hilabetekoa. Leku horretan trafiko handia dabil obra bi egiteko.
Itzuliaren etapa bi Mallabian amaitu ziren iaz. Zein aurreikuspen duzue hurrengo urteetarako?
Itzuliko arduradunekin egon ginen, berriro ere lasterketa hartzeko. Aukera hori mahaigaineratu dugu, baina oraindino ez dakigu ezer. Uste dut datorren urtekoa lotuta daukatela; beraz, 2025era begira izango litzateke.
Baduzue etxebizitza arazorik Mallabian? Gazteek badute aukerarik herrian geratzeko?
Gazteek aukera gutxi dute herrian geratzeko. Etxebizitza gutxi dago salgai, eta daudenak oso zaharrak dira. Gure plan orokorraren barruan, etxebizitzak egiteko aurreikuspena dugu. Kontua da eraikitzaileak ez direla herri txikietara etortzen. Guk ere arazo batzuk ditugu lurra eskuragarri ipintzeko. Gai hau programaren barruan daukagu eta guretzat lehentasun bat da. Bestela, gazteak Berrizera edo Zaldibarrera joaten dira.
Ondarearen balioa nabarmentzeko proiektuak martxan ipini duzue.
Mantendu egin gura dugu orain arte ondarearen berreskurapenerako egin duguna. Bide asko mendian dago, sasitza kendu behar da eta kostatu egiten da. Auzoetako batzarretan beste pista bi agertu dira. Bat Beranotik Arteta ermitara doa. Ibilbide osasungarrien barruan dago. Bestea GR-Mikeldiren parte da, Zengotitatik Aitxuraino. Bide horiek atondu gura ditugu. Bide horiek mantentzea nekosoa da, luzeak direlako. Bestalde, Zengotitako garbitegia eta Gereako ur-jausia eginda daude. Perratoki bat ere badaukagu, behien zein idien ferrak garbitzeko, Osma auzoan. Partzela hori erosi gura genuke, konpontzeko. Horretarako, hitzarmen bat sinatu gura genuke.
Eta Oizko Parke Megalitikoa?
Oizko Parke Megalitikoaren proiektua Berrizko Udalagaz elkarlanean lantzen gabiltza. Orain hainbat prospekzio egiten gabiltza Mallabian, beste leku batzuetan ere zeozer egon daitekeelakoan.