Euskararen aldeko brindisa, urrezko aizkolariak eta Aitor Elordiren partidua Mallabian, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko

Anboto 2023ko aza. 29a, 09:57

Abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, herriko hainbat elkartek eta udalak  askotariko ekitaldiak antolatu dituzte.

12:00etan, Mallabiko Berbalagunek euskararen aldeko brindisera gonbidatu ditu mallabitar guztiak. Mallabiko plazan batuko dira. Bertan, txanpain kopa edateko eta txorizo egosi pintxoa jateko aukera egongo da dohainik. Ekitaldiak orduerdi iraungo du.

12:30ean, Urrezko Aizkolarien Kopako kanporaketa lehiatuko da Mallabiko pilotalekuan eta bertan ariko dira Ioritz Gisasola 'Zelai IV' mallabitarra, Jokin Urretabizkaia 'Basozabal', Aritz Irazabal, Julen Larrea III, Hodei Ezpeleta, Ibai Soroa eta Joxean Etxebarria. Saioan arteko tarteetan harrijasotze eta ingude probak egongo dira. Sarrera doakoa da.

17:00etan pilota partidu profesionalak hasiko dira pilotalekuan eta Aitor Elordi mallabitarra izango da protagonistetako bat. Bi partidu egongo dira. Serie B txapelketaren barruan Salaberriak eta Arbizuk Egigurenen eta Eskuzaren kontra jokatuko dute. Ondoren, Binakako Txapelketa Nagusiko neurketa hasiko da: Aitor Elordi eta Beñat Rezusta Joseba Ezkurdiaren eta Xabier Tolosaren aurka. Sarrerak www.entradasfronton.com webgunean eta egunean bertan erosi daitezke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!