Egun horretan, besteak beste, bazkari bat egingo dute frontoian. Bazkaritarako txartelak barikuro ipintzen dituzte eskuragarri pilotalekuko postu batean. Urriaren 6an eta 13an ere hantxe egongo dira, 18:00etatik 20:00etara bitartean. 16 urtera artekoentzat 12 euroan daude salgai txartelak, eta 17 urtetik gorakoentzat 18 euroan. Oraingoz, 100 txartel baino gehiago saldu dituzte.
Bazkaria urteurreneko kolofoia izango da, gaurko eta atzoko eskolako komunitatea mahai baten inguruan batuko den ekimena, baina ospakizuna egun osora zabalduko dute. Argazki erakusketa bat ere antolatu gura dute. Denbora bat daramate argazki zaharrak batzen, eta horiek ikusgai ipiniko dituzte. Bazkaritara jesarri aurretik, herritik zehar kalejira bat egin gura dute. Bazkalostea musika talde batek girotuko du.
Kontzertua eta abestia
Ospakizuneko beste ekimen bat gaur egungo ikasleak sasoi bateko ikasle eta irakasleekin batuko dituen solasaldia da. Garai batekoen esperientziak entzunda, eskolaren bilakaerari buruz gehiago jakiteko aukera izango dute ikasle gazteek.
Urriaren 20an, jai nagusiaren aurreko egunean, musikariak diren ikasle ohi batzuek kontzertu bat emango dute. Talde ezagunen hainbat bertsio joko dute. Musikari hauek beste proiektu batean ere badaude murgilduta. Abesti berri bat sortu eta grabatu dute eskolako urteurrenari begira.