Gaur goizeko osoko bilkuran, Igor Agirre Mallabiko alkate izendatu dute berriro, eta hirugarren legegintzaldia hasi du. Kargua hartzeko ekitaldian, Agirrek eskerrak eman dizkie kargua utzi duten zinegotziei, eta ongietorria eman die udalbatza berria osatzen dutenei.
Datozen lau urteetan "elkarlanerako" deia luzatu du. “Mallabiaren alde lan egiteko gaude hemen. Desberdinak izan arren, mallabitarren beharrek batzen gaituzte, konponbiderik onenak hartzeko eta eskaera horiek asetzeko, hori baita herriak nahi duena, betiere elkarrekiko errespetuan oinarrituta” azaldu du Agirrek . Era berean, adierazi du bere taldearen lehentasuna hartutako konpromisoak betetzea izango dela, “baina horrek ez du kentzen beste proposamen batzuetara irekita egotea; Mallabirako ona iruditzen zaigun edozein ideiak, edonondik datorrela ere, gure babesa izango du”. Amaitzeko azpimarratu du herria gobernatu daitekeela “mallabitarrentzat edo mallabitarrekin; guk, aukeran, elkarrekin egin nahi dugu bidea”.
Agirrek aginte makila jaso duen unea.