Iñigo Urkullu lehendakariak Mallabiko Learreta-Markina eskola bisitatu du gaur

Joseba Derteano 2019ko mai. 6a, 16:13

Berdintasuna, Errespetua eta Indarkeriarik eza lortzeko Nahiko Hezkidetza Programak 15 urte egin ditu eta Mallabia da aplikazioa martxan dagoen ikastetxeetako bat.

Lehendakariak zuzenean ezagutu ahal izan du ikasleen geletan bertan zeintzuk diren Nahiko programan erabiltzen ari diren unitate didaktikoak eta materialak, eta ikasleen eta irakasleen azalpenak eta iritziak jaso ditu. Irakasleekin bilera egin ondoren, Lehen Hezkuntzako 2. 4. eta 6. mailako ikasleekin egon da, Jaurlaritzako ohar batean azaldu dutenez. Izaskun Landaida, Emakundeko zuzendaria; Maite Alonso, Hezkuntza sailburu ordea; eta Elisabeth Areitioaurtena, ikastetxeko zuzendariak ere parte hartu dute bisitan.

2017 eta 2019 urteen bitartean 34 ikastetxe daude Nahiko programa erabiltzen, 222 irakasleren eta 4.000 ikasle baino gehiagoren inplikazioarekin. Helburu nagusia neska eta mutilen ahalmenak modu integralean garatu ditzaten lortzea da, rol eta estereotipoak alde batera utzita.  

Aitor Loiola EH Bilduko zinegotziaren iritzia

Mallabiko Udalean EH Bilduren zinegotzia den Aitor Loiolak gutun bat kaleratu du lehendakariaren bisitaren harira. Alde batetik, eskerrak eman dizkio eskolara bisita egitearren eta balioan jarri du proiektuak Jaurlaritzaren eta lehendakariaren “onespena” izatea.

Baina, bestetik, hezkuntza arloan dauden egitekoak gogoratu dizkio. Esaterako, etorkinen seme-alabek ez dutela “arreta egokia” jasotzen azaldu du, “bitarteko gutxiegi” daudelako eskoletan. Horrekin batera, Loiolaren berbetan, arreta berezia behar duten ikasleek “ezin dute arreta hori jaso, PTak eta psikologoak ez ditugulako”. Gainera, “ikasleei ezin diegu arreta indibidualizatua eskaini  gela bakoitzean 25-27 ikasle ditugulako”, gaineratu du. Azkenik, euskal kurrukuluma aldarrikatu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!