Igor Agirre izango da EAJren alkategaia hurrengo udal hauteskundeetan

Jone Guenetxea 2018ko api. 4a, 13:30

Mallabiko EAJk aho batez erabaki zuen joan den otsailaren 14ean Igor Agirre izango dela 2019ko udal hauteskundeetan EAJk aurkeztuko duen alkategaia. Agirre da gaur egun Mallabiko alkatea. 

Prentsa oharrean azaldu dutenez, Agirreren erronka handiena "udal zerbitzuak eta herritarren bizitza kalitatea hobetzea" izango da. 

Mallabiko alkateak, alderdikideen aldetik jaso duen babesa eskertu du. "Lortu ditugunak lortu ditugu udalean EAJ ordezkatzen dugun taldean elkarrekin egin ditugulako. Lantalde bikaina da, indartsua, batua eta ilusioz betea”. 

Azken urteotako errepasoa ere egin du alkateak. Zuntz optikoa sartu dutela herrigunean eta herriko enpresa guztietan nabarmendu du alkategaiak. "Aldundiarekin eta URArekin hitzarmen bat izenpetu dugu espaloi berria egiteko eta bere azpitik saneamendua eta hodi biltzailea sartzeko. Horrela, araztegia herritik kendu ahal izango dugu”, gaineratu du Agirrek. Etorkizunera begira, "Mallabia hazteko eta herritarrentzako ongizatea eta bizitza kalitatea hobetzeko proiektuak eta ideiak" pentsatu nahi dituela azaldu du alkategaiak. 

Agirreren inguruko datuak eman dituzte prentsa oharrean: "Agirrek 45 urte ditu, ezkondua da eta alaba baten eta seme baten aita da, laborategiko teknikaria da eta 18 urte daramatza teknologia zentro batean lan egiten. Mendiko txirrindularitza praktikatzen du ahal duen guztietan eta, uda sasoian, trokak jaistea du gustuko".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!