Kaleratzeak eta "oinarrizko eskubideen kontrako erasoak” salatu dituzte Laitek enpresako langileek

Joseba Derteano 2017ko urr. 23a, 13:03

Irailaren 18an greba hasi zuten.

Irailaren 18an greba hasi zuten. Hile bian bederatzi kaleratze izan direla salatu dute eta herri erakundeei enplegua suntsitzen duten formulen kontrako zigorrak ezartzeko ekimenak eskatu dizkiete.

Alcorta Forging Group taldeak injektore bat egitea azpikontratatu zion Mugape enpresari eta honek beren beregi horretarako sortutako Laitek enpresari azpikontratatu zion. Mugaperen enpresa hori bere instalazioetan eta ekipamenduarekin dabil, “baina bestelako lan-baldintzekin, enpresa biek elkar zerikusirik ez dutelakoan”, salatu dute irailaren 18an greba hasi zuten langileek ohar batean.

Langileek “askotariko erreklamazioak” egin dituzte (tauletatik beherako soldatak, atzerakinak…), baina horiei erantzun beharrean “bi langile kaleratu” zituzten “disziplina arrazoiak” erabilita eta “inongo azalpenik eman gabe”, langileen esanetan. Langileek zuzendaritzari batzarra eskatu, baina ez zuten erantzunik jaso. Ondorioz, grebalariek Mugapeko langileei gutun bat idatzi zieten egoeraren berri emateko. Egun horretan bertan Laitekeko kudeatzaileak “zazpi grebalari kaleratuta” zeudela esan zieten, Mugaperen eta Laiteken arteko kontratua deuseztatu zelako. Zazpi kaleratuak ELA sindikatuaren hautagai-zerrendakoak dira. Enpresa ordezkaritza ELAk osatzen du, enpresako 19 langiletik 11k osatutako ELAren hautagaitzak hauteskundeak irabazi zituenetik.

Egoera bideratzeko bitartekaritza-prozesu bat hasi dute, baina urriaren 11n egindako batzarraz geroztik ez dute proposamenik jaso. “Blokeoa Mugapek antolatu eta Laitekek gauzatu du nahita”, diote.

Oinarrizko eskubideei “eraso” egiten dieten jokabide “larrien” aurrean herri-erakundeek esku hartu beharko luketela uste dute. “Ekimenen bat bultzatu beharko lukete enplegua suntsitzen duten horrelako formulen aurka, zigorrak ezarriz”.

Euren nahia “inori kalterik egin gabe ahalik arinen egoera konpontzea eta lanpostura itzultzea” dela adierazi dute komunikabideetara zabaldutako oharrean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!