Ertzaintzak 120 marihuana landare aurkitu ditu Mallabiako pabiloi batean

Anboto 2017ko urt. 18a, 18:48

Pabiloi hartan sute bat sortu zela-eta ertzainak bertaratu zirenean, plantazioa aurkitu zuten.

Astelehen eguerdian Mallabiako Osma auzoko pabiloi baten sutea gertatu zen. Su-hiltzaileek sua itzali ostean, ertzainek pabiloi barrua arakatu zuten. Ustez ezelango ekintzarik burutzen ez zen pabiloi hartan landareak hazteko produktuak, lurrez betetako sakuak, loreontziak, hodiak eta lorezaintzako tresneria aurkitu zituzten. Eskailera baten bidez, 15 bat metro koadroko gela batera sartu ziren eta bertan 120 marihuana landare aurkitu zituzten. Argiztapen, aireztatze eta tanta bidezko ureztatze sistemak jarrita zeuden.

Harrezkero egindako ikerketen ostean, plantazioaren arduraduntzat jotzen duten 27 urteko pertsona bati izapideak instruitu dizkiote osasunaren kontrako delitu batengatik. Gazte hori aurretik beste behin atxilotua izan da droga trafikoagatik Ertzaintzak informatu duenez.

Landareak hazteko helburuagaz pabiloiko gelan jarritako argindar elektrikoan izandako zirkuitulabur batek eragin zuen sutea, Ertzaintzaren ustez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!