“Erdi Aroaz ari garela ematen du, baina ezagutu ditugu halako tresnak”

Aitziber Basauri 2016ko aza. 28a, 09:20
Jesus Mari Uribelarrea eta Pello Mugarza

Mallabiko baserrietan gordeta egon diren garai bateko lanabes eta tresnak jaso dituzte ‘Baserriko lanabesak, tresnak eta trepetxuek. Iragandako bizimodu baten lekuko’ liburuan. Justo Azagirre, Pello Mugarza eta Jesus Mª Uribelarrea aritu dira lan horretan, eta Gerediaga elkartegaz elkarlanean kaleratu dute. Durangoko Azokan egongo da salgai. Hala ere, Mallabiko etxe guztietan banatuko du udalak, opari lez.

Noiz hasi zineten lanean proiektu honetan? Nolatan?
Jesus Mª Uribelarrea: Iaz batu nintzen Pellok eta Justok hasitako proiektura. Iazko abuztuan hil zen Justo, eta Pellok laguntzea proposatu zidan. Pozik onartu nuen eta, bion artean amaitu dugu lana.
Pello Mugarza:  2014an hasi ginen Justo eta biok. Aurretik, Mallabiko toponimia jaso genuen, eta hori amaituta, proiektu honetan sartzea pentsatu genuen, gazteek ere ezagutu ditzaten bai baserrietatik bai geure memoriatik desagertuta dauden garai bateko baserriko tresnak.

Zer topatuko dugu liburuan?
J.M.U.: Batez ere, antzinako erremintak, etxeko tresnak... Ezagutu izan ditugu guk tresna horiek, eta batzuk erabili ere bai baserri lanetarako. Oraingo gazteek, baina, ez dituzte ezagutu; ezta etxeko tresnak ere. Liburuan jasota geratuko dira, behintzat, gazteek jakin dezaten zeintzuk erreminta erabiltzen ziren lehen, eta zertarako.

Mallabiko garai bateko bizimoduari atera diozue argazkia?
J.M.U.: Bai. Mallabian eta baita inguruko herrietan ere antzeko bizimodua egingo zen.
P.M.: Gure etxean argindarragaz zebilen gauza bakarra irratia zen sasoi batean. Nahiko eskasa zen argindarra; ez zuen asko gehiagorako ematen. Karburua egoten zen sukaldean argia emateko. Erdi Aroaz ari garela ematen du, baina guk ezagutu izan ditugu halako tresnak. Pentsa nola aldatu den mundua gure ume denboratik hona! Azken 50 urtean, aurretiko 200 urtean baino gehiago aldatu da mundua. Etxean karburua izatetik mugikorrean interneta edukitzera pasa gara azken 50 urtean.

Baserriz baserri ibili zarete.
J.M.U.: Hala da, bai, baina jakin dugu nora joan. Garai bateko erreminta, tresna edo arropak gordeta zituzten baserri horietara jo dugu. Argazkiak atera dizkiegu, izendatu eta azalpen labur bategaz jaso ditugu.
P.M.: 15 -20 bat baserritan egon gara. Perratokia izandakoan ere egon gara, eta orduko lanabes batzuk erakutsi zizkiguten.

Objektu asko aurkitu dituzue?
P.M.: 300 bat. Erreminta eta trepetxuak; erabilera ematen zaion edozein objekturi deritzo trepetxu. Bizikleta zahar bat, garbigailu zahar bat, arropak...
J.M.U.: Bila hasiz gero egongo dira gehiago. Mahai-oihalak, izara zaharrak... ere asko daude, baina ez gara horren bila joan. Bitxiak izan daitezkeen tresnak batu ditugu. Trabaku-Beheko Enrikeri esker ere hainbat gauza jaso ditugu: 200 urtetik gora dituen sotana bat —Mallabiko gotzain batena—, edo kamineruen txapel gorria, adibidez.

Bestelako bitxikeriarik?
J.M.U.: Harrizko komun bat ere bai. Normalean egurrezkoak izaten ziren. Buztarri edo goldeak ohikoagoak dira, apaingarri lez dituzte baserrietan.
P.M.: Baserrietan antzeko tresnak daude. Arotzeriako erremintak, ardiak moztekoak, artilea egitekoak... baina lantzean behin agertzen da bitxikeriarik. Sailkatu egin ditugu: jantzi eta oinetakoa; etxeko tresnak; ontziak; eta, solo- edo baso-lanetarako tresnak. Azeri-tranpa, bola eta txirloak, bizikleta konpontzeko kaxa... lakoak bestelakoetan batu ditugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!