The Bon Scott Bandek, Vendettak eta DJ Bullek joko dute urriko jaietan

Aimar Esteban 2016ko urr. 28a, 13:30

Argazkia: Vendetta Facebook

Urriko jaien egitaraua ekitaldiz beteta dator Mallabira. Barikuan hasiko dira jaiak. 18:00etan, txupinazoa bota aurretik, buruhandiak egongo dira umeentzat. Ondoren, oilasko pintxoak banatuko dituzte, plazan. Iluntzean erromeria izango da Akerbeltz taldearen eskutik.

Zapatu goizean, berriz, duatloi txikia jokatuko dute 11:00etan, eta ardo feria egingo dute 12:00etan. Arratsaldean, litxarreria tailerra prestatu dute umeentzat.
Zapatu gauean izango da jaien kontzertu nagusia. 22:30etik aurrera musikari ezagunak igoko dira Mallabiko taula gainera. The Bon Scott Band, Vendetta eta DJ Bull gonbidatu dituzte urriko jaietara.

Domekan, 17:00etan, Tomasen abenturak pailazoak egongo dira frontoian umeen gozamenerako. Karta-jokoa gogoko dutenek, aldiz, mus txapelketa izango dute aukeran  Kontzejuzarrean. Amaitzeko, 18:30ean, txokolatea banatuko dute plazara bertaratzen direnen artean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!