Goitatarrak ETB1eko Auzolan saioan protagonista izango dira

Anboto 2016ko urr. 1a, 10:00

Mallabiko Goita auzoko bizilagunak ETB1eko Auzolan saioaren protagonista izango dira domeka honetan, 22:00 aldera. Urtero, baserri batek du ermitaren eta auzoaren ordezkari izateko ardura. Goita auzoa 11 baserriz osaturik dago, eta bertan, San Juan Bautista ermita dute, auzotarren altxorrik preziatuena. Ermitaren inguruan, bolatoki bat, auzo-elkarte bat eta beste hainbat bitxikeria dituzte.

Lan guztiak auzolanean gauzatzen dituzte. Normalean, baserri bakoitzetik goitar batek du auzolanera joateko beharra. Bestela, multa jartzen dute. Domekan auzolanean, ermita garbitzeaz gain, horma pikatu eta margotu, inguruan barreiaturiko egurrak jaso, belarrak garbitu, auzotarren lurrak banatzeko mugarriak jarri, eta aspaldi aurkituriko hilarri batzuk egoki zigilatu beharko dituzte.

Aurtengo ordezkariak, Idoia Zenikazelaiak, Ibon Gaztañazpi aurkezlearen laguntza jasoko du. Auzotarrek ere lagunduko dute. Horretarako, baserrietatik sastraka kentzeko makina, sega, borra eta traktoreak ekarriko dituzte. Boliña ere han izango da, hondeamakinagaz lana errazten. Programaren arduradunek azaldu dutenez, “eguraldiak, hala ere, ez dizkie goitarrei gauzak erraz jarriko. Egindako lanaren sari gisa, ordea, bazkari ederraz gozatuko dute auzo-lagunek, eta baita Ibonek eramango dien sorpresatxoaz ere”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!