Mallabiko 71 musikariren inguruko lana osatu dute

Anboto 2016ko uzt. 21a, 10:20

Esti Gonzalez irakasleak koordinatu eta eskolako komunitate osoak parte hartu du herriko musikariak ezagutzera ematea helburu duen proiektuan. Herriko 71 musikariren inguruko argazki eta istorioak jasotzen dituen liburuaren bi ale prestatu dituzte, eta etxez etxe eraman dute eskolako umeek. Udan ere, herriko tabernetan utziko dituzte liburuak, jendeak irakurri, eta proiekturako ekarpenak egiten jarraitu dezan.

XIX. mendean hasita, Mallabian izan diren musikarien historia berreskuratu dute, eskolako familien ekarpenetatik tiraka. Herriaren historiaren parte baten kontakizuna ere egin dute, gainera, askotariko datu etnografikoak bilduta. Izan ere, jaia eta musika jardun eta egoera zehatzei lotuta egon izan dira historikoki.

Herriaren historiako musikarien inguruko informazioa bildu dute liburuan, eta bistaratu “itzela dela Mallabian musika arloan daukagun aberastasuna”, Gonzalezen berbetan. Bereziki nabarmena da Mallabiak eman duen soinujole kopurua, baina deneriko tresnak jotzen dituzten mallabiarren berri dakar liburuak: txistulariak, atabalariak, pianistak, gitarristak, klarinetistak, organistak...

Irailetik aurrera informazioa biltzen jarraituko dutela aurreratu du Esti Gonzalez irakasleak, eta egindako lan guztia borobilduz, interneten blog bat edo etorkizunean papereko argitalpen bat egin ahal izatea polita litzatekeela dio.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!