Adolfo Jainaga trikitilaria omenduko dute azokan

Anboto 2016ko eka. 2a, 11:05

Mallabian Nekazaritza eta Artisautza azoka hainbat osagai uztartuz antolatuko dute ekainaren 5ean, 10:00etatik 14:30era. Ekitaldia Adolfo Jainaga 25 urtean trikitixa irakaslea omentzeko baliatuko dute.

Azokari dagokionez, guztira 16 postu atonduko dituzte. Mallabiko baserritarrek ekoiztutako ortuari, gazta, ogi zein euskal pastelez betetako postuak izango dira tartean. Antolatzaileek azaldu dutenez, ortuarien posturik onenari saria emango diote. Era berean, Nahikari emakume elkarteak postua jarriko du.

Trapuz eta larruz osatutako produktuak, bitxiak, xaboiak eta ukenduak ere salgai izango dira. Hargin bat eta egurra lantzen duen beste artisau bat ere bilduko dira Mallabiko azokara. Abere erakusketan, herriko baserrietako astoak izango dira protagonista.

Arbolen erakusketa
Mallabiko arbolen ezaugarrien inguruko erakusketa ere ikusgai egongo da panelen bidez. Giroa alaitzeko, 12:00etan, Gazte Alai dantza taldeak erakustaldia eskainiko du.

Azokak sortzen duen ikusmina baliatuz, herriko eskolan Mallabiko musikariei buruz batu duten informazioa ikusgai izango da. Jasotako informazioagaz liburua kaleratzea dute helburu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!