Pilotalekua eta probalekua banatzeko, toldoa ezarri dute

Anboto 2016ko mai. 11a, 09:10

Mallabiko Udalak toldoak ezarri ditu herriko frontoian, pilotalekua eta probalekuko fitness eremua banatzeko.

Urteetan, pilotalekuko harmailetan dagoen berotze sistematik atzeko aldean dagoen fitness eremura joaten zen beroa. “Erregailuetako beroak ihes egiten zuen pilotalekutik, eta toldoak ezarrita epelago egongo dira harmailak“, adierazi du Mallabiko Igor Agirre alkateak.Bi eremuak banatuta, eremu osoaren erdia baino ez da berotu behar izango. “Frontoiko harmailetan dauden pertsonak erosoago egoteko  egindako egitura da, hotz handia egiten baitu bertan, batez ere neguan”, adierazi du Agirrek.

Bizikleten garbitokia
Bestalde, Mallabiko udaletxearen atzeko aldean bizikletak garbitzeko azpiegitura bat eraikitzen dabiltza.  “Egitura honekin, menditik datozen txirrindulariek bizikleta garbitzeko aukera izango dute”, dio Agirre alkateak. Datorren asterako martxan egongo dela adierazi dute Mallabiko Udaletik. Frontoiaren estaldurarekin batera, bi egitura hauek aurrera eramateko aurrekontua badagoela ere adierazi dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!