Igor Agirre: “Neurriak hartu ditugu lur-jausiak errekaren bidea hartu ez dezan”

Anboto 2016ko mar. 22a, 09:15

Lur-jausi batek 300 metro kubikoko lur mugimendua sortu du, Mallabian

Pasa den asteko euriteen ondorioz sortutako lur-jausiek kalte larriak sortu dituzte, Mallabian. Ondorioz, herrigunetik Osmara doan errepidetik Mallabarrena poligonoraino dagoen 500 metro koadroko eremua isolatuta gelditu da. Lur mugimendu horren eraginez, bide bat moztuta gelditu da, eta auzoguneko etxe bat isolatuta. Mallabiko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia eta Ur agentzia elkarlanean ari dira otsaileko lur-jausiek Mallabian eragindako kalteak konpontzeko. Udalak, geologoen ikerketa eskatu ondoren, hondeamakina martxan jarri zuen egoera normaltasunera itzultzeko. 300.000 metro kubiko lur mugitu direla aurreikusi dute. “Lur honek mugiarazi dituen materialek errekaren bidea jarraitu ez dezaten, neurriak indartzeko erabakia hartu dugu. Lurrarekin nahastutako urak bide bat oztopatu lezake, eta horrek Mallabarrena industrialdean arazoak sortu litzake”, adierazi du Igor Agirre alkateak.

Kalteak Goitondon

Mallabarrenakoaz gain, Goitondo industrialdean ere beste lur-jausi bat gertatu zen. Onandi baserriko Eñaut Gallastegik pabilioiko atzeko partean lur-jausia izan zuen. “Orain kaltzatu egin dute eta eguraldi ona etorri arte itxaron beharra dago”, dio Gallastegik. Bere gazta fabrikak sortutako kalteak “konstruktoraren kargu“ daudela adierazi du. Dena dela, beste lur-jausi baten beldur dira oraindik Onandi baserrian: “Iturburu bat aurkitu dute azpian, eta drainatzea egin beharko dute”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!